Sakea soraluzetarrek eskuratuta hasi zuten atzoko partida. 7. minutuan, 8 tanto egin zizkieten bergararrei eta bide beretik segitu zuen partidak. Partidak ordu laurden zeramatzanean, bergararrek tanto bakarra egitea lortu zuten eta markagailua 15-1 zegoela atsedena eskatu zuten soraluzetarrek.
Handik bueltan, joera berarekin segitu zuen partidak harik eta soraluzetarrak 20. tantora ailegatu ziren arte. Orduan, sakea galdu egin zuten etxekoek eta bergararrek lortu zuten lau tanto jarraian egitea. Baina 21-5 zeramatenean, etxekoek sakea berreskuratu eta bergararrek ez zuten beste tantorik egiterik lortu. Azkenean 22-5 amaitu zen partida.
Datozen partidak
Gaurkoari dagokionez, berriz, Debarroko txapelketaren baitan, kadete mailako partida izango da, 19:00etan hasita. Soraluzeko taldeko Ibon Ibarrak eta Mikel Caramanzanak jokatuko dute Oñatiko Aloña Mendi taldeko Guridiren eta Osaren kontra.
Asteburuko hitzorduei dagokienez, berriz, barikuan, Udaberri Txapelketako bi partida jokatuko dituzte Soraluzen: 19:00etan alebin mailan lehiatuko dira Gorka Felix eta Galder Losada Astigarragako bikotearen kontra. Lau t’erdikoan, berriz, Caramanzanak jokatuko du Aretxabaletako Otazuren kontra kadete mailan.
Eta kanpoan, lau t’erdiko partida jokatuko dute Eki Amuategik eta Ibon Ibarrak.