Elgoibarko zein Soraluzeko Karakate Bizirik plataformek antolatu zituzten Karakaten eraiki nahi duten zentral eolikoaren gaineko mendi martxak. Eguraldia lagun, hainbat soraluzetarrek kaletik goraino egin zuten mendi martxa; beste hainbatek, berriz, San Andrestik abiatu ziren, eta, izan ziren, baita ere, euren kabuz joan zirenak.
Kontuak kontu, eguerdian topaketarako hitzordua zegoen eta Karakaten elkartu ziren Soraluzetik joan zirenak zein Elgoibartik gora egin zutenak. Izan ziren, baita ere, Bergara aldetik zein Donostialdeatik etorri zenik ere. Partaideen artean, berriz, Soraluzeko udal ordezkariak ere izan ziren, besteak beste, Iker Aldazabal alkatea eta Unai Larreategi oposizioko burua.
Hitzaldia asteazkenean
Ekimenaren balorazio positiboa egin zuten antolatzaileek. Eta hurrengo hitzordurako deia eginda dago: eguaztenean, maiatzaren 11n, hitzaldia eskainiko dute Herriko Antzokian Goiener eta Arabako Mendiak Aske elkarteetako adituek. 19:00etan da hitzordua, Herriko Antzokian.
Autokontsumo partekatua eta Energía Komunitateak egungo ereduaren alternatiba izan daitezkeela azalduko du Goienerreko adituak. Arabako Mendiak Aske elkarteko ordezkariak, berriz, horrelako instalazioen inpaktua zein den agertuko digu. Baita zeintzuk diren horrelako proiektuak aurrera eraman nahi dituzten enpresak eta zer interes dituzten. Horren aurrean zer egin dezakegu? Zein dira alternatibak?