Errugbia

"Errugbia da bizitzan egin nahi dudana"

Ubane Madera Zangitu 2022ko mai. 7a, 09:01

Aleu Cid Perez soraluzetarra (2001, Maracay, Venezuela) 2015ean hasi zen errugbian, Eibarren ikasten ari zela. Kirol hura probatzea eskaini zioten Eibar Avia Rugby Taldean. Zazpi urte geroago, Estatuko errugbilari onenen kontra lehiatzen ari da, Ohorezko Mailako ligan. Aurten, gainera, Espainiako selekzioarekin debutatu du Europan. Proiekzio handiko kirolaria da, duda barik. 

Ohorezko Mailan lehiatu zarete aurten bigarren urtez eta bosgarren geratu zarete. Zelan baloratzen duzu?

"Azken minutura arte dena borrokatu dugu, beti ematen dugu dena"

Playoff-etatik kanpo geratu gara. Horrekin dugu disgustua. Baina azken minutura arte dena borrokatu dugu, beti ematen dugu dena, oso talde agresiboa dugu. Hori bai, pertsonalki oso zaila izan da, batik bat, mentalki. Nahiko zaila da halako maila batean jokatzea gazte izanda, presio handia dago. Ez dut beti lortzen nigan sinestea edo gauzak egiteko gauza naizela pentsatzea, ezta gauzak gestionatzea ere. Gainera, beste ekipoetako gehienak nagusiagoak dira. Eibarren, onerako edo txarrerako, ekipo gaztea gara.

Selekzioan ere jokatu duzu, zer eta Europan.

Iaz ez nintzen selekzioarekin askotan ibili eta aurtengo deia ez nuen espero. Astelehen baten 20:30ean deitu zidaten galdetzen ea hurrengo goizean joan nintekeen Madrilera AVE bat hartuta. Kaosa izan zen. Joateko laguntza mordoa eskatu nuen han eta hemen, ez zen erraza izan, baina joan nintzen. Debuta egin nuen eta demaseko esperientzia polita izan zen. Lehenago ere entrenatu eta jokatu izan dut selekzioarekin, baina ez Europeoan, ezta selekzio absolutuarekin ere. 

Eta orain, Erreginaren Kopa.

Bai. Hiru asteburu dira eta azkena, maiatzaren 21ean, Eibarren izango da, zortea izan dugu. Erreginaren Kopa lehiaketa gogorra da. Orain dela bi urte sailkatu ginen, challenga irabazi genuelako.

Zein posiziotan jokatzen duzu?

Aurtengo beste aldaketa handi bat da hori. Beti jokatu izan dut 3. lerroan, baina aurten 1. lerroan jokatzen dut. Ikasten nabil gutxinaka-gutxinaka. Espainiako Selekzioak nire entrenatzaileari deitu zion esanez lehen lerroak behar zituela eta horregatik formatu ninduten lehen lerro moduan.

Hori guztia egin arren, baina, errugbia ez duzu lanbide, ezta?

Errugbia da bizitzan egin nahi dudana. Hortaz, zaletasuna baino gehiago da. Neure buruari asko exijitzen diot eta kanpoko presioa sentitzen dut. 

Baina hemen ailegatu zintezke profesional izatera?

"Kirol honetan profesional izateko aukera bakarra kanpora joatea da eta hor zure ametsak lortzea"

Espainian zaila da, nahiz eta selekzioarekin kontratua edo dena delakoa izan. Kirol honetan profesional izateko aukera bakarra kanpora joatea da eta hor zure ametsak lortzea. Niri gustatuko litzaidake.

Zein da zure ametsa?

Gustatuko litzaidake ikasketak bukatu arte Eibarrekin jokatzen segitzea. Datorren urtean bukatuko dut goi mailako zikloa eta gero unibertsitatea online egiteko asmoa daukat. Kanpoan jokatzeko lehen aukera Frantzia litzateke eta amets handi-handia, berriz, Zeelanda Berrira jokatzera joatea. Han maila oso altua dago. Han bizi daiteke errugbitik, ez futbolariek moduan, baina bizitzeko beste bai.

Zenbat denbora eskaintzen diozu errugbiari?

 

"14 urtez azpiko umeak entrenatzen ditut astean bi egunez eta beti nago prest umeei laguntzeko"

Astelehenetik ostiralera entrenatzen dut, gimnasioa 3-4 egun eta entrenamendua 3 egun. Gehienetan, hilabete batean bi partida ditugu, aste bat libre, gero partida bat... Normalean, irailetik martxora izaten da denboraldia, baina gorabeherekin. Horrez gain, entrenatzailea naiz. 14 urtez azpiko umeak entrenatzen ditut astean bi egunez eta beti nago prest umeei laguntzeko. Ane Couto eta Aitor Martin soraluzetarrak entrenatzen ditut, adibidez.

Zer ematen dizu errugbiak?

Lagunak. Nire taldea familia baten modukoa da. Bestalde, poztu egiten nau errugbian jokatzeak. Oso konpetitiba naiz eta ematen dit adrenalina partida bakoitzean zelaira irteteak dena ematera. Heldutasuna ere bai. Asko ikasi dut. Ikasi dut zelaian pixkanaka-pixkanaka nire frustrazioak eta nire antsietateak kontrolatzen joaten eta hor ateratzen dut nire amorru dena. Beti.

Besterik gaineratu nahi duzu?

"Gauza asko ditu errugbiak, balore garrantzitsuak"

Gustatuko litzaidake gazteak, eta gehienbat neskak, gonbidatzea errugbian jokatzera. Errugbiari buruz dauden mitoak apurtzeko. Ez da bakarrik kolpeak dituen kirola; gauza asko ditu, balore garrantzitsuak. Hemen gaude.