Domekan, Soraluzen izango dira Bilbotik, Gasteiztik, Aguraindik, Zornotzatik eta bestelako toki batzuetatik etorritako benjamin mailako hockey taldeak. Goizen goiz hasi eta arratsaldeko lehen ordura arte liga txapelketako partidak jokatuko dituzte Araneko frontoian.
Etxeko taldeak 09:00etan eta 14:00etan jokatuko ditu bi partidak. Liga txapelketan, gainera, Sora dago lider.
“Ikusgarritasuna ematea”
Marras Irristaketa Taldetik esan dutenez, hockey txapelketa Soraluzera ekartzearen helburuetako bat da “herriari erakustea ze martxa dagoen Soraluzen hockeyarekin lotuta. Marraseko txikienak arituko dira lehian, goragoko mailakoen topaketarik, berriz, ezin dugu egin, pistak ez dituelako beharrezko baldintzak betetzen. Marrasek jada 40 jokalari ditu eta datorren urtean bost mailatan aritzea nahi dugu: eskolarteko benjaminak, alebinak, infantilak, jubenilak eta emakumezkoak. 2019an klub bezala eratu eta urtez urte handitzen joan da egitasmoa. Pozik gaude parte-hartzearekin eta horrenbeste ematen digun kirola herrira gerturatzea eta ezagutzera eman nahi dugu topaketekin. Egitasmoa handitzen doan heinean, ekonomikoki ere beharrak handitzen doaz, eta maiatzeko asteburu horretan aukera izango da errifa bidez Marraseko egitasmoa laguntzeko”.