Andres Mazkarain presidenteak eta Rafa Idigoras zuzendari nagusiak gidatu zuten ekitaldian, fundatzaileek eta beraien emazte zein alargunek (plazentziatarrak gehienak), eskertza eta txalo zaparrada jaso zuten gaur egun enpresan lanean diharduten langileen eskutik.
Fundatzaileek esker onez hartu zuten ongietorria, eta “harrituta geratu ziren teknologia aurreratuan aitzindari den Soraluceren bilakaera ikusita”. Esker ona adierazteko "Eskerrik asko" kantua abestu zuten elkarrekin.
Ondoren, lantegiaren kanpoaldean fundatzaileen izenekin ipinita dagoen plakaren ondoan elkartu ziren, urte hauetan zehar hil direnak gogoratzeko eta instalazioetan bisita gidatua egin eta gero eta elkarrekin bazkaldu zuten (ikus ekitaldiko argazki gehiago hemen).
Datozen egunetan, ospakizun ekitaldi gehiago egingo dituzte, hala nola, maiatzaren 19, 20 eta 21ean ate irekien jardunaldiak egingo dituzte Soraluceko hornitzaile, bezero eta kolaboratzaileekin eta 21ean, berriz, “etxekoekin” ospatuko dute, langileekin eta euren familiarekin, modu intimoan.
Oharra: jatorrizko albistea TuLankide.com-en argitaratu da.