Lehen oztopoa gaindituta

Ubane Madera Zangitu 2022ko mai. 1a, 09:01

Atzo, zapatua, arnasa hartu zuen Sorak Oiartzunen kontrako partida irabazita. 3-1 irabazi zuten etxekoek eta gogotik txalokatu zuten emaitza ia beteta zeuden harmailetako ikusleek. Jokalariek eurek ere ikusleei txaloka bukatu zuten norgehiagoka. Hala ere, mailari eusteko hurrengo partida ere irabaztea komeni zaie Sorako mutilei. 

Oraingo honetan, etxean gelditu dira Sorak horrenbeste behar zituen hiru puntuak. Markagailuan 3-1 bukatu zuten partida, baina ez zen partida erraza izan. Tentsio handiarekin zelairatu ziren bi taldeak, biek ala biek baitzuten asko jokoan eta hori zelaian igarri egin zen. 

Penaltia eta txartel gorria

Erasoan ekin zion Sorak partidari eta laster eskuratu zuen emaitza, 8. minutuan etorri baitzen lehen gola, Julen Riberren eskutik. Baina hurrengo minutuan, bertan partida berdindu zuen Oiartzunek. 

Hortik gutxira, baina, 15. minutuan partida irauli egin zen. Penaltia egin zuen Oiartzunek. Arbitroak txartel gorria atera zion Oiartzungo jokalariari eta Sorako Txatok penaltia gol bilakatu zuen. 2-1eko aldeko markagailuarekin, indarberritu egin ziren Sorako mutilak eta 28. minutuan sartu zuen Rolandok Soraren hirugarren gola. Lehen zatian gol aukera gehiago izan ziren arren, horrelaxe iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, berriz, joko garbi gutxi izan zen. Nekea nabarikoa zen bi taldeetako jokalarien artean. Bost aldaketa egin zituen bigarren zatian Sorak eta epaileak lau txartel hori atera zituen, zelaian ikusten ari zen joko motaren seinale. Kontuak kontu, azkenean, partida ia bost minutuz luzatu ondoren, pozarren entzun zuten guztiek partidaren amaiera seinalatzen zuen txistua. 

Aipatzekoa da ikusle asko bertaratu zela atzoko partidara, batik bat umeak, gehienak ere Sorako kamisetekin jantzita.

Kanpoan

Sorari bi partida geratzen zaizkio Kopa txapelketa amaitzeko. Hurrengo hitzordua maiatzaren 8an du, baina kanpoan, Astigarragan jokatuko du. Azken partida, berriz, etxean jokatuko du, hori bai, sailkapeneko liderraren kontra izango da azken hitzordua, beraz, komeni datorren asteburukoa irabaztea.