Ukrainako gerra

Laster dira Soraluzen Licarchuk eta bere bi alabak

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 9a, 11:31

Egunotan ailegatuko dira Soraluzera Tania eta Sofia, Inna Licarchuk-en alabak.

Datozen egunotan, Inna Licarchuk ukrainarra eta bere bi alaba Tania eta Sofia Soraluzera ailegatuko dira, hemengo Mertxe Galarraga amaren etxera. Eguena ezkero, Polonian dira, Ukrainatik irtenda. Hilabete urik eta argirik gabe egon ondoren erabaki dute, alabengatik, han ezin dutela bizitzen jarraitu.

Pozik, oso pozik dago Mertxe Galagarra soraluzetarra egunotan. Urduri ere bai. Baina orain arte izan duen urduritasunarekin parekatuta, urduritasun gozoagoa bizi du orain, Ukrainako bere alaba eta haren bi alabak Soraluzera noiz ailegatuko zain. Txernobil elkartearen bitartez lortu dute ama-alabak Poloniaraino ondo iristea eta oso eskertuta dago elkartearekin egin duen eta egiten ari den lanarengatik. 

Astelehenean, 06:00ak aldera jaso zuen Galarragak Ukrainatik mezua, deitzeko eskatuz. Inna Licarchuk-ek esplikatu zion egun horretan bertan boluntario batzuk Ivankivetik ateratzen lagunduko ziotela. Ondoren, eguaztenean, jakin zuten Ukrainako beste leku seguruago batean zeudela hirurak, Poloniako mugarantz bidaia segitzeko gertu. Baina dirua zuten faltan. 

Mertxek, bizkor-bizkor dirua ailegatu arazi zion eta horri esker, autobus bat hartza lortu zuten Likarchuk-ek eta bere alabek. Hortik aurrera, Txernobil Elkatearen esku laga zuen dena eta haien bitartez, Krakoviaraino iristea lortu zuten, onik. Harrezkero, Katoxiceko frantziskotarren monasterioan daude, indarrak apur bat berreskuratu bezain laster Soraluzerako bidea hartzeko gertu.  

Elkarretaratzea

Eguenean, Ukrainako gerraren kontra egindako elkarretaratzean partekatu zituen Mertxe Galarragak azken berri horiek. Elkarretaratzeari dagokionez, 50 lagun baino gehiagok arbuiatu zuen gerra eguenekoan. Bide batez, jakinarazi zuten oraingo oporren ostera arte ez dituztela elkarretaratze gehiago egingo.