"Hemen oreka, elastikotasuna, mugikortasuna, erresistentzia... lantzen dira"

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 8a, 11:30

Leire Lasa gimnasioko makinetako batean.

Martxo hasieratik , Leire Lasa (Bergara, 1986) Fitness aholkularia da Arane kiroldegiko gimnasioan. Hamabostean behin eskaintzen du zerbitzua, BPXPort enpresak kudeatuta. Gaur, apirilak 8 gimnasioan izango da, bertaratzen denari aholkularitza zerbitzua eskaintzen. 

Orain arte, birritan eskaini duzu zerbitzua; zelako erantzuna izan du?

Oso ona. Lehen egunean hiru emakume etorri ziren, bigarrenean lau. 

Zer erakusten duzu?

"Lesioak prebenitzeko ere baliagarria da eta baita ere indarra hartzeko ariketak zelan egin ikasteko"

Ariketak ondo egiteko teknikak; mankuernekin, barrekin, kettlebellekin, makinekin, poleekin... Fitness aholkularitza lesioak prebenitzeko ere baliagarria da eta baita ere indarra hartzeko ariketak zelan egin ikasteko.

Uste duzu ezjakintasuna dagoela?

Bai. Gaur egun, Internetek asko laguntzen du baina jakin egin behar da nondik ikasi ere bai. Nahiz eta bideoek erakutsi ariketak zelan egin, gorputzaren kontzientzia garatua izan ezean, oso erraza da postura okerrak hartzea. Teknika zelan egin jakin behar da.

Zeini zuzendutako zerbitzua da?

"Erretiratuendako ere oso aproposa da, adinarekin indarra eta muskulazioa galtzen doa eta jausteko arriskua handitu egiten da, askotan indarra edo oreka ez izatearren"


16 urtetik gorakoa izan behar da, gazteagoak ezin baitira gimnasiora sartu. Orain arte etorri direnak 40 urtetik gorako andreak dira. Gazte gehienek badute ezagutza hori eta mutil askok ere bai. Beste batzuk lotsatu egiten dira, ez dakizkitelako makinak erabiltzen. Halakoendako oso aproposa da. Erretiratuendako ere bai. Adinarekin indarra eta muskulazioa galtzen doa eta jausteko arriskua handitu egiten da, askotan indarra edo oreka ez izatearren. Eguneroko gauzetarako ere behar da indarra. Hemen oreka, elastikotasuna, mugikortasuna, erresistentzia... lantzen dira.

Besterik nahi baduzu gaineratu...

Jendea etortzera animatuko nuke. Eskaera balego, hainbat goizetan ere jarriko dute aholkularia eta zerbitzu osoagoa izango litzateke, ze entrenamendu pertsonala egiteaz aparte, pertsona horrek segimendua ere izango luke.