Soraluzeko pilotariek asteburu betea dute

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 8a, 10:13

Jon Gallastegi jokoan. Artxiboa.

Gaurtik domekara, asteburu betea dute Soraluzeko Pilota Taldeko hainbat pilotarik. Gaur, etxean jokatuko du Ekhi Amuategik lau t’erdikoa. Alegian, berriz, Gorka Felixek eta Alex Losadak Errendimendu mailako ligaxka. Zapatuan, Jon Gallastegik finala jokatuko du gomazko paletan, Zarautzen; Mikel Caramanzanak, berriz, Azpeitin du hitzordua eta azkenik, domekan, Ibon Ibarrak jokatuko du la t’erdikoa.

Gaur, barikua, Soraluzeko Pilota Taldeko Ekhi Amuategik kadete mailako lau t’erdiko hirugarren mailan, eskuz banakakoa jokatuko du, 19:15ean Beasaingo Landaren kontra Araneko frontoian. Gaur,  baita ere, baina Alegian, Errendimendu mailako Gorka Felixek eta Ander Losadak ligaxka dute 18:15ean; lehen postuak dituzte jokoan. 

Gallastegi finalean, bihar

Bihar, berriz, baina Zarautzen, 19:30, gomazko paletako banakako finala jokatuko du, nagusien bigarren mailan Jon Gallastegi soraluzetarrak Orioko Aritz Lertxundiren kontrak, Zarauzko Aritzbatalde frontoian.

Bihar, baita ere, 12:00etan, Azpeitian Mikel Caramanzanak jokatuko du kadete lehen mailan, Azpeitiko Otaegin kontra. Eta azkenik, domekan 17:00etan Hernanin Ibon Ibarrak jokatuko du Hernaniko Azpeitia pilotariaren kontra, lau t’erdiko lehen mailako partida.