Hezkuntza hitzarmena dela-eta, protesta Plaentxi Eskolan

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 7a, 16:41

Plaentxi Eskolako hainbat irakasle elkarretaratzean, gaur goizean. Argazkia: Plaentxi Eskola.

Gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak behin betiko onartu du Hezkuntza hitzarmena, EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren aldeko botoekin eta PPren eta VOXen kontrakoekin. Bada, hori egin bitartean, Plaentxi Eskolako irakasleetako hainbatek lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte, hezkuntza itun horretan jasotakoarengatik protestan. 

STEILAS sindikatuak deitu du protesta eta egindako balorazioaren arabera, lanuztea “nabaria izan da ikastetxe denetan, maila handiagoan edo txikiagoan”. 

Halaber, esan dute Hezkuntza hitzarmenak EAJren, EH Bilduren, PSE-EEren eta Elkarrekin Podemos-IUren adostasuna lortu badu ere, “Euskal Eskola Publikoaren alde” dauden “hainbat sindikatu, eragile eta langile” ez daudela “inolaz ere ados bertan adierazi diren asmo eta erabakiekin”.

Horrez aparte, besteak beste, salatu dituzte gaurko ezarritako gutxieneko zerbitzuak “gehiegizkoak” izan direla.

Salatu dute Hezkuntza hitzarmena “ikastetxe pribatuen patronalentzako erreskate bat baino ez” dela, “itundutako ikastetxeen biziraupena ziurtatzeko lege bat, alegia”. 

Eta berretsi dute Euskal Eskola Publikoaren alde mobilizatzen segituko dutela, "batasun sindikala" bilatuz eta “Hezkuntza legearen oinarrien dokumentuak adierazten duen noranzko pribatizatzailea erabat aldatu arte”. 

Ikastetxe kanpoan ez ezik, Eusko Legebiltzarraren aurrean ere egin dute elkarretaratzea.