Eguenean, lanuztea eta protesta eskolan, 'Ez saldu euskal eskola publikoa' lelopean

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 5a, 18:24

Eskolaren sarrera, gaur eguerdian, martitzena.

Eguenean, apirilaren 7an, lanuztea deitu du STEILAS sindikatuak hezkuntza alorrean, egun horretan Eusko Legebiltzarrean aurkeztu eta bozkatuko den Hezkuntza Itunaren harira. Lanuztea 07:30etik 11:00ak artekoa da. Plaentxi Eskolako zuzendaritzak jakinarazi duenez, irakasleen %50ak bat egingo du deialdiarekin. Hori horrela eta nahiz eta zerbitzu minimoak bermatzeko eskola 09:00etatik 11:00etara zabalik egongo den,11:00etatik aurrera ekingo diote ohiko jardunari.

Eguenean, 09:00etatik 11:00etara eskola zabalik izango da ikasleak eraman nahi dituzten gurasoei gutxieneko zerbitzuak bermatu ahal izateko. Edozelan ere, jakinarazi dutenez, 11:00etatik aurrera hasiko dira eskolak normal ematen eta hortik aurrera normaltasunez jardungo dute.

Lehenago, baina, Hezkuntza Itunaren kontrako protesta egingo dute irakasleen erdiak. STEILAS sindikatuak deitu du egueneko lanuztea, ez duelako “bat egiten Hezkuntza Ituna garatzeko gauzatzen ari den prozesuarekin, ezta gaur arte txertatu dituzten edukiekin ere”. 

Sindikatutik gogora ekarri dute egun horretan bozkatuko dutela Legebiltzarrean “EAJk, EH Bilduk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdietsitako akordioa” eta salatu dute akordioa onartuz gero, hezkuntza publikoa ez dela hezkuntza sistemaren “ardatza” izango, “segregatzailea den sistema normalizatu eta betikotzen” duela eta ez dutela “euskararen aldeko apustu irmorik” egiten.

Desadostasunak

11 puntutan jaso dituzte desadostasunak:

  • 1. Euskal Eskola Publikoaren Legetik, Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren legera pasatuko gara.
  • 2. “Euskal Hezkuntza Zerbitzua” deiturikoa izango dugu hemendik aurrera, sistema publikoa eta pribatua parekatuko dira ikastetxe pribatuetako finantziazioa blindatu ahal izateko. Beraz, Hezkuntza publikoa ez da sistemaren ardatza izango.
  • 3. Ez du publifikazio marko sendo baten alde egiten. Ezta ikastetxe publikoetako matrikulazioa bermatzeko neurririk jasotzen ere.
  • 4. Segregatzailea den sistema duala normalizatu eta betikotzen du.
  • 5. Ikasle askok bere sinesmen, jatorri edo egoera sozioekonomikoagatik jasaten duten bazterkeria gainditzeko neurri eraginkor berririk ez dute jaso.
  • 6. Onarpen prozesu gardenak izateko eta doakotasuna eta laikotasuna bermatzeko neurri zuzentzaile guztiak gaurko legedian jasota daude, eta ez dira betearazten.
  • 7. Ez dute euskararen aldeko apustu irmorik egiten. Esleituko diren baliabideak aipatu ez eta ikastetxearen esku uzten da ardura. Ez da murgiltze eredurik aipatzen, ez dira ereduak gainditzen eta atzerriko hizkuntzei irekitzen die atea, euskararen kalterako.
  • 8. Hezkuntza sistema propioan atzerapausoa da. Indarrean dagoen araudi estatala berresten baita.
  • 9. Langileen lan-baldintzen aipamenik ez du egiten, nahiz eta dokumentuak eragin zuzena izango duen hauen gain, (kontratu programak, zuzendarien lidergoa, hezkuntza publikoaren aldeko apustu ezak suposatuko duen lanpostu galera…)
  • 10. Haurreskolak Partzuergoa hezkuntza-sisteman txertatu eta hauek eskola mapan sartzeaz ez du hitz egiten.
  • 11. Ez da jasotzen haur eskola pribatuen diru-laguntzak desagertuko diren ala ez.

Eguenean, lanuztea egiteaz bat, elkarretaratzeak ere iragarri dituzte, Ez saldu Euskal Eskola Publikoa lelopean. “Euskal Eskola Publikoa erdigunean jarriko duen hezkuntza lege baten alde borrokatzen jarraituko dugu!”, esan dute STEILASetik.