Errugbia

Ekipazio berria, errugbi norgehiagoka eta Errugbi Eguna

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 6a, 12:09

Sora Rugby Taldekoak buru-belarri jardunean dabiltza. Ekipazio berria aurkeztu dute eta iragarri dute maiatzean errugbi partida eta ekainean Errugbi Eguna antolatu dituztela. Bestalde, Sora Rugby Taldeko Ane Couto jokalaria Eibar Rugby Taldearekin entrenatzen ere hasi da eta Selekzioak deituta, 15 urtez azpikoen talderekin Frantziako txapelketa batean parte hartu du. 

Sora Rugby Taldeak estreinatu duen ekipazio berriari dagokionez, jakinarazi dute kamisetak salgai jarriko dituztela erosi nahi dituen edozeinentzat ( 676890475 Enekoitz edo sorarubytaldea@gmail.com). Gaineratu dute Fogaslerren “laguntza barik ezin izango zutela” jantzi berririk izan; hori horrela, hari eskerronak helarazi diote. Baita “herriari” ere, ematen dieten “laguntza guztiagatik, ikaragarria da!”, diote taldetik.  

Horrez aparte, gaineratu dute taldearen “filosofiari eutsita” hor dabiltzala “egunero lanean nahi duen edonori errugbia erakusten (gero eta gehiago gara)”. 

Partida eta Errugbi Eguna

Ildo horretatik, iragarri dute uda aurretik bi errugbi jardunaldi antolatu dituztela: maiatzaren 7an 18 urtez azpikoen norgehiagoka Eibar/Mutriku Zarautzen kontra eta ekainaren erdialdera, berriz, Errugbi Eguna. Azken horri begira, jakinarazi dute 10-12 urtez azpikoen arteko partaidetza bultzatzeko lau errugbi talderekin berbetan ari direla. 

Couto Selekzioarekin

Bestalde, Sora Rugby Taldeko Ane Couto jokalariak, 12 urte izan arren, selekzioarekin parte hartu berri du 15 urtez azpikoen taldearekin Frantziako Tournoi De L’amitié topaketan. Coutok, gaur egun, Sora Rugby Taldearekin entrenatzeaz aparte, Eibar Rugby Taldearekin ere entrenatzen du.