Partida amaiera amorragarria

Ubane Madera Zangitu 2022ko api. 4a, 09:01

Zapatuan, amaiera amorragarria izan zuen Sorako gorengo mailako taldearen partidak. Futbol partidaren 81. minutura arte irabazten joan ziren etxeko mutilak, gainera, bigarren zatiko 11. minututik jokalari bat gutxiago izan zuten. Baina 2. zatiko 41. minutuan Idiazabalgo taldeak berdindu egin zuen partida eta luzapenean zeudela, bigarren gola sartu zieten Sorakoei. Horren ondorioz, une honetan sailkapeneko azken postuan dago Sora.

Txingorrari eta hotzari aurre eginez, Sorako mutilek indartsu eta gogotsu jokatu zuten zapatuko partidako lehen zatia. Idiazabalek gol bat sartu zien partida hasi eta minutu gutxira, baina arbitroak baliogabetu egin zuen, ustezko falta batengatik. 

Gilek gola

Sorak, berriz, kikildu barik, erasoari eutsi egin zion eta 30. minutuan gola egin zuen Markel Gil defentsak. Hortik aurrera, gol aukera gehiago ere sortu zituzten Sorakoek, baina ez zuten lortu baloia berriro sareratzerik. Hala ere, gustura iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian, baina, okertu egin zitzaien egoera. 56. minutuan, arbitroak txartel gorria atera zion Jon Perez Sorako jokalariari, ustez, Idiazabalgo atezainari ostikoa jotzearren; askok ez zuten halakorik ikusi baina emaitza izan zen Sora 10 jokalarirekin geratu zela.

Jokalari bat gutxiagorekin ere eutsi

Hala ere, tinko eutsi zioten etxeko mutilek aldeko markagailuari; are gehiago, defentsan sartu barik, erasoan jokatzen segitu zuten. Baina, 41. minutuan Idiazabalgo ekipoaren gola etorri zen. Hiru korner jarraian bota ondoren, azkenean bisitariek lortu zuten baloia sareratzea. Hor handitu egin ziren Idiazabalgoak eta euren erasoa indartu. Bukatu ziren partidaren 90 minutuak, baina arbitroak luzatu egin zuen denbora eta luzapen horretan etorri zen Idiazabalgoen bigarren gola.

Emaitzaren aurrean, lur jota bukatu zuten Sorako jokalari askok. Izan ere, zapatuko partida galdu ondoren, sailkapeneko azken postuan daude. Kopako txapelketaren erdia jokatu dute eta apenas lau partida dituzte oraingo egoerari buelta emateko, bestela maila galduko dute. Hori bai, bigarren bueltako partida gehienak etxean jokatuko dituzte.