Puntu guztiak onartuta

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 31a, 12:09

Atzoko udalbatzarrak onartutako puntuen artean, etxe baten eskualdatzea egiten denean ordaindu beharreko plusbalioarekin lotutakoak aurrera egin zuen, behin betiko onartu zen lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza eta behin betiko onartu zen, baita ere, Pascual Churrucako orubea Eusko Jaurlaritzari lagatzea. 

Pentsiodunen mugimenduak aurkeztutako mozioaz gain, honako beste puntuak landu eta onartu zituzten atzoko osokoan:

  • Udal langileen soldataren igoera: %2ko igoera izango dute
  • 2022ko udal langileen lanpostuen zerrenda.
  • 2022-2025 dirulaguntzen plan estrategikoa.
  • Udal ordenantza aldaketa Hiri lurren balio gehikuntzaren gaineko zerga arautzen duena. Osoko bilkuran emandako azalpenen arabera, plusbalioari dagokion ordenantza egokitu egin behar izan dute Auzitegi Konstituzionalak indarrean zegoen legea atzera bota zuelako 2021ean. Hori horrela, Udal ordenantza legeari egindako egokitzapenaren arabera eguneratu behar izan dute. Egindako aldaketaren bitartez, etxe baten jabetzaren eskualdaketarengatik ordaindu beharrekoa, plusbalioa kalkulatzeko bi modu izango dira, objektiboa (katastroaren arabera, Udalak egindako kalkulu teorikoaren arabera) edo erreala (merkatuak ezarritakoaren arabera). Bada, herritarrak bi aukeren artean, nahiago duena aukeratu ahal izango du aurrerantzean.
  • Lokalak etxebizitza erabilerara aldatzeko ordenantzaren aldaketa proposamena. Ordenantza jendaurrean ikusgai egon eta jasotako ekarpenak aztertu ondoren, behin betiko sartuko da indarrean.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Soraluzeko Udalaren arteko hitzarmena etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko: Patricia Borinaga Gizarte Ongizate Saileko arduradunak azaldu zuenez, orain arte zegoenaren oso antzerakoa da atzo onartutako hitzarmena.
  • Komunitatearen aldeko lan zigorrak betetzeari buruzko hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Soraluzeko Udalaren artean. Patricia Borinagak azaldu zuenez, orain arte epaitegietatik eskatzen zietena eta egiten zutena arautu egingo dute. Gaineratu zuen, kasu honetan, Udalak konpromisoa hartzen duela epaitegietatik eskatzen dizkioten plazak emateko, zigorra jaso duten pertsonek erabilera publikoko zenbait jarduera egin ditzaten komunitatearen alde, baina beti ere, lan horiek ezin dutela eraginik izan Udalak dituen kontratu aurreikuspenetan.
  • Pascual Churrucako lur sailak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Sailari lagatzea. Behin betiko onarpena eman zioten. EH Bilduren abstentzioarekin onartu zen puntua, oro har, koalizioak beste ikuspuntu bat duelako herrian aplikatu beharreko etxebizitza politikaz.