Ukrainako gerra

Marina Kalinski: "Ukrainako herriaren genozidioa egiten ari dira"

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 30a, 12:19

Anatolii Tsygnenko, Marina Kalinski, Amaia Unamuno eta Eugeny Kalinski.

Komunikabideek diotenez, Ukrainako inbasioa geratzeko esperantza txiki bat piztu da. Dena den, momentuz, ez dago aldaketarik ukrainarrek bizi duten egoera latzarekiko, gerrak bere horretan segitzen baitu. Orain dela hiru aste, Soraluzen errefuxiatu zen Marina Kalinski (Vorzel, 1994), lau urteko Eugeny semearekin, hura gerratik babesteko. Soraluzera etorri eta astebetera Pil-pileaneko erredakzioan izan ziren ama-semeak, haiek etxean hartu dituen Amaia Unamunok eta hainbat urtez Soraluzen bizi izan zen Anatolii Tsygnenko ukrainarrak lagunduta. Azken horrek egindako itzultzaile-lanari esker partekatu ahal izan zuen Marina Kalinskik han bizi zuenaren gaineko kontakizun latza. Segidan irakurgai elkarrizketa. Bestalde, bihar, eguena, elkarretaratzea egingo dute Ukrainako gerraren kontra. Plaza Berrian da hitzordua, 19:00etan.

- Zelan sentitzen zarete?
- Izututa, etxera itzuli eta han geratu den Dmitro senarrarekin egoteko gogo ikaragarriarekin. Armadara bidali dute bera. Nik, berriz, umearengatik atera behar izan nuen. Haurrarengatik ez balitz, ez nintzateke etorriko. Ukrainan urteak daramatzate errusiarrek dena inposatzen eta orain naziengandik salbatzen lagundu nahi gaituztela diote. 
- Zelan komunikatzen zarete hangoekin?
- Telegram taldeak daude. Diote Whatsapp ez dela segurua. Telegramen diotenez, puntu garrantzitsuetara iritsi ezinda dabiltzanez, dena suntsitzen ari dira, gutxien defendatutako hiriak txikitzen, dena zanpatzen. 
- Zelan duzu gogoan gerraren hasiera?

"Jendeak pentsatzen zuen agian ekaitzen bat izango zela; ez zuen sinisten gerra zela"

- Otsailaren 24an, 04:15 pasata zirela, zaratak entzuten hasi ziren oso herri garrantzitsuetan, azpiegitura garrantzitsuak dituzten hirietan. Hostomelen, adibidez, han dago hegazkin-basea. Kieven ere zaratekin esnatu ziren. Jendeak pentsatzen zuen agian ekaitzen bat izango zela, nahiz eta zenbait berri ordurako esaten ari ziren hiriburua iparraldetik inguratzen ari direla. Jendeak ez zuen sinisten, baina egia zen. Eraso sorpresak egiten zebiltzan errusiarrak. Notiziak jarri genituen eta presidenteak esan zuen egun horretan bertan sartuko zela indarrean Gerra-legea. Egun horretan, egun osoan izan ziren bonbardaketak, lau egunez etengabe saiatu ziren ingurua hartzen. Ortura irten eta ehiza-hegazkinak (kazak) ikusten genituen, helikopteroak, hiriburua hartu nahian. Presidentea hil edo harrapatu egin nahi zuten, Putinek beste bat ipintzeko haren ordez. Baina Ukrainako armadak eutsi egin zion eta adibidez, Kadirov-en tropak (Txetxeniako indar bereziak) menderatu egin zituzten. Eta ezin izan zuten helburua lortu. 
- Zuen kasuan, zein da egoera?

"Hildako asko daude, asko erreta, ezinezkoa da kaletik pasatzea gorpuekin gurutzatu gabe"


- Erosi berri dugun etxea suntsituta dago. Txakurra ere bageneukan. Han laga behar izan genuen. Etxean geneukan jateko dena laga genion lorategian, hura bukatzen zaionean gure ondoko bizilagunak jaten emango dion esperantzarekin. Baina ez dakigu ezer. Hau amaitzen denean, hamarkadak beharko dira hura berreraikitzeko. Hildako asko daude, asko erreta, ezinezkoa da kaletik pasatzea gorpuekin gurutzatu gabe. Errusiar militarren gorpuak ez dituzte jasotzen. Gure lagunek ikusi dute errausketa-kamioi bat dabilela gora eta behera. Baina baja asko daude eta ezin diete guztiei aurre egin. Familiari dagokionez, otsailaren 26 goizean, aita etorri zen Butxatik Vorzelera, nire etxera. Bera 16. solairuan bizi zen eta arriskutsua zen hori (zenbat eta altuago bizi, arrisku handiagoa). Etorri zenean, umea berarekin laga ahal izan genuen, beste senide batzuk ikustera joateko. Oraindik inork ez zuen sinesten gerra zegoela. Eraikinaren sotoan babestuta zeuden Dmitroren beste senitarteko batzuk eta nahi zituzten konbentzitu mendebalderago zegoen beste herri segurago batera joateko. 

Guri dagokigunez, familiak ikusi zuen autoak gasolina zuela 100 kilometro inguru egiteko. Eta konbentzitzen hasi ziren handik joan egin behar ginela. Azkenean, ordu erdian ahal zena prestatu nuen, dokumentazioa hartu, batik bat umearen arropa, txakurra atera… eta mugarako bidea hartu genuen. Ordurako auto-karabana handia zegoen. Denek nahi zuten irten, ehiza-hegazkinak eta helikopteroak ikustean ahalik eta azkarren ihes egiten saiatzen ziren.

"Beldur handia pasa genuen; auto-karabanan geunden bitartean, estatuko tropak ere pasatu ziren eta aldi berean, gure gainetik ehiza-hegazkin errusiarrak aurrera eta atzera zebiltzan. Ez genekien ailegatuko ginen ala ez"

Beldur handia pasatu genuen. Adibidez, haurtzaindegi batera misila bota zuten errusiarrek. 24 ordu behar izan genituen berez 4 irauten duen bidaia egiteko, amamaren herrira. Bidean, tankeak, militarren ibilgailu blindatuak… hirira sartzen ikusi  genituen. Karabanan geunden bitartean, estatuko tropak ere pasatu ziren eta aldi berean, gure gainetik ehiza-hegazkin errusiarrak aurrera eta atzera zebiltzan. Ez genekien ailegatuko ginen ala ez. Bi egun eman genituen amamaren herrian, baina handik gertu base militar bat zegoen, errusiarrak ingurua bonbardatzen zebiltzan eta konturatu ginen ez zela segurua. Mendebalderago joatea erabaki genuen, Chervonohrad-era, Leopolis probintziara. Aldi berean, gurasoak Irpinetik irten ziren, gurekin elkartzeko asmoarekin. Gau bat pasa genuen aterpetxe batean baina han ere jotzen zuen alarmak errusiarrek misilak botatzen zituztenean. Konturatu ginen hura ere ez zela segurua. Poloniako mugatik gertu geunden eta gizonek erabaki zuten gu mugara bidaltzea, Poloniara gurutzatzeko.

Gu joan eta gero, jakin genuen armadara bidali zituztela gizonak, Dmitro-eta. Han, 18-60 bitarteko bizilagun guztiak dei ditzakete armadara joateko. Nire amak, adibidez, ez ditu 60 urte eta badaki bera ere bidal dezaketela frontera. Handik irten diren ukrainar gehienak irten dira haurrak dituztelako.

- Zelan moldatu zineten muga gurutzatzeko?

"Gure lanarengatik ordaintzen zigun 17 kopek eta ogi barra batek 50 kopek balio ditu. Guri probetxua atera nahi zigula iruditu zitzaidan eta ez zitzaidan leku segurua iruditu, ez zen leku aproposa eta aukera izan bezain laster, hona etortzea erabaki genuen"


- 5 orduz egon behar izan genuen ilaran aduana zeharkatzeko, zutik, zero azpiko tenperaturekin. Bidean, beste emakume baten lagun egin nintzen eta hark esan zidan ezagutzen zuela norbait guri laguntzeko prest. Gizon hark esan zion gaua pasatzeko lekua zuela guretzat. 4-5 ordu egon ginen haren zain, baina ez zen inor azaldu. Orduan, autobus bat hartu eta 100 kilometro egin genituen gasolindegi batera iritsi arte. Han beste hitzordu bat egin zuten gizonarekin baina goizaldera arte itxaron behar izan genuen hura azaldu arte. Eskerrak gasolindegikoak bi aulki laga zizkigula, sikiera haurrek lo egin ahal izan zuten. 08:00ak aldera iritsi zen gizona eta etxera eraman gintuen, oso jator. Lehenengo, jaten eman zigun. Egun bat pasatu genuen han eta bitartean zer egin pentsatzen hasi ginen. Lana behar genuen, dirua lortzeko, jateko… Gizonari galdetu genion ea lanik bazuen guretzat. Eraikuntzako materialen denda bat zuen eta lan txiki batzuk eman zizkigun. Baina gizon hori konturatu zen berari interesatzen zitzaiola gu moduko jendea Polonian geratzea. Enpresan, jende gehiago ere bazegoen. Guztiak emakumeak. Batzuek, azkenean, han geratzea erabaki zuten, beldurrarengatik eta leku seguru batean egoteagatik. Baina, nik ikusi nuen tranpa ere bazegoela. Adibidez, gure lanarengatik ordaintzen zigun 17 kopek eta ogi barra batek 50 kopek balio ditu. Guri probetxua atera nahi zigula iruditu zitzaidan eta ez zitzaidan leku segurua iruditu, ez zen leku aproposa. Senarrarekin berba egitea lortu nuen eta Dmitrok Amaiarekin eta Gillermorekin berba egin zuen eta erabaki genuen hona etorri beharra genuela ahal bezain laster. Hiru egun egon ginen han. Joan egin behar ginela esan genien eta gizona eta han zeuden beste emakumeak ahalegindu ziren gu konbentzitzen han geratzeko. Baina, adibidez, ikusi nuen errefuxiatu estatusa lortzeko, pertsona batek hartzen zuela hangoen dokumentazio guztia eta euren presentzia barik egiten zituztela paperak. Nik Zuzenbide ikasketak ditut eta badakit hori ez dela zuzena. Eta etorri egin ginen. 

Bigarren bidaia hori erraz egin zenuten?
Chervonohrad-en zegoen nire koinata Vicari abisatu genion hona gentozela. Hark ere gurutzatu zuen muga. Polonian, Ukrainako pasaportearekin, doan bidaia dezakezu orain eta lau orduko bidaia egin nuen Krakoviara. Han elkartu nintzen Vicarekin. Bera orain Gasteizen dago, hango familia batekin egon zen-eta umetan. 

Orain hemen zaudete. Zer eskatuko zenigukete hemengooi?

"Gogorrena da suntsitutako eraikinetatik hildakoak ateratzen ikustea, umeak… hobi komunetan lurperatzen ari dira. Ume asko umezurtz geratzen dira. Kaos handia dago. Apurtutako bizitzak"


Han, jendea apurtuta dago. Gaur egun zerua, airea ixten laguntzea ezinbestekoa da. Arazoa hortik dator. NATOk ez du ukrainar zerua itxi nahi eta errusiarrei berdin zaie zeren kontra egin, ikastetxeak, ospitaleak… bonbardatzen ari dira. Jendeak eutsiko dio, baina itxi dezatela zerua. Suntsiketa hortik etorriko da eta jende gehiago hilko da, gero eta gehiago. Ni ahalegintzen naiz negar egiten umeak ikusten ez nauenean. Gogorrena da suntsitutako eraikinetatik hildakoak ateratzen ikustea, haurrak… hobi komunetan lurperatzen ari dira. Ume asko umezurtz geratzen dira. Kaos handia dago. Apurtutako bizitzak. Egunean bizi dira. Etxe barik geratu gara. Jendeak ez daki bihar zer gertatuko den. Ezin latzagoa da. Oraingoz ez zaio amaierarik ikusten.

"Alarmak entzuten dira Ukraina osoan. Eta denak ezkutatzen dira. Ukrainako herriaren genozidioa egiten ari dira. Jendea hiltzen ari dira. Ez da nazien aurkako garbiketa operazioa"

Errusiarrek bonbardatzen jarraitzen dute. Alarmak entzuten dira Ukraina osoan. Eta denak ezkutatzen dira. Ukrainako herriaren genozidioa egiten ari dira. Jendea hiltzen ari dira. Ez da nazien aurkako garbiketa operazioa. Bestalde, hasi dira zurrumurruak entzuten Poloniak errefuxiatuen harrera mugatzen hasteko asmoa duela eta geratuko dira asko Ukrainatik irten ezinda. Eta irten direnak zelan bizi diren, kanpalekuetan, umeekin, hotzez… Putini ez zaizkio batere axola nazioarteko itunak.