Pentsiodunen mugimenduak osoko bilkurara joateko dei egin du

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 29a, 18:36
Pentsioen alde egindako elkarretaratzea, astelehenean.

Bihar, eguaztena, besteak beste, Soraluzeko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztu duen mozioa eztabaidagai izango dute udalbatzarrean. Hori dela-eta, herritarrei dei egin diete biharko batzarrera joan daitezen. Labur esanda, banka publikoa eskatzen dute pentsiodunen mugimenduek. Osoko bilkurari dagokionez, 19:00etan hasiko da eta interesa duen edozein bertara daiteke. 

Pentsiodunen mugimenduak herriz herri aurkezten ari diren mozioak dioenez, “bankuek eta (lehen, aurrezki-kutxek ere), zerbitzu publikoa ematen dute eta finantza-bitartekarien funtzioa betetzen dute, jarduera ekonomikoa eta produktiboa errazteko”. Baina, adierazi dute “aurrezki-kutxen likidazioak (kasu batzuetan), banku pribatu bihurtu izanak (beste batzuetan) eta azken horiek xurgatu izanak (beste batzuetan) kalte handia” eragin dutela “herritarren arretan, bereziki adineko pertsonen arretan”.

Erreskatea diru publikoarekin

Hori argudiatzeko, batetik salatu dute bankuek “abusuzko klausulak eta praktikak” izaten dituztela. Bestetik, gogora ekarri dute “banku/kutxa batzuk erreskatatzeko 65.000 milioi euro bideratu behar izan direla”, diru publikoa, beti ere eta ez dutela bueltatu. 

Horrekin batera, digitalizazioak ekarri dituen eragozpenak ere salatu dituzte: “Zordunketa- edo kreditu-txartel bat erabili behar izan da zeure dirua mobilizatu ahal izateko, banku-komisio gero eta handiagoak ordainduz eta Internet bidez edozein kudeaketa egin behar izatera bideratuz”. Eta salatu dute, baita ere, banketxeetako langileekin duten jokabidea, hori oligarkiarekin duten jokabidearekin alderatuz. Oro har, uste dute, gaur gaurkoz, banketxeei ez zaizkiela interesatzen “bezero pobreak”. 

Horrez aparte, Kutxabank dute hizpideetako bat; kasu horretan, salatzen dute duen jardunak erakusten duela “beste banku bat dela”. 

Horregatik guztiagatik, uste dute beharrezkoa dela banka publikoa sortzea.

Eskaerak

  • Hori horrela, bihar, mozioaren bitartez, zazpi puntu onar ditzan eskatuko diote osoko bilkurari: 
     
  • Leihatila: Soraluzeko Udalaren Osoko Bilkurak leihatila bat irekitzeko  eskatu die Soraluzen dauden banketxe guztiei. Leihatila horretan, herritar guztiei, eta 65 urtetik gorakoei lehentasunez, aurrez aurreko zerbitzua bermatuko zaie lanaldi osoan.
  • Itxarongela: Soraluzeko udal-mugartean dauden banketxe guztiei eskatzen die lokaletara sartzeko murrizketak dauden bitartean eta/edo pertsonen arteko urruntze-neurriak gorde behar diren bitartean; neurri horiek eta beharrezkoa den beste edozein bete behar direnean, entitatearen sukurtsal bakoitzean ahalik eta edukiera handieneko itxarongela bat gaitzea, hori materialki egingarria denean, edo bestela beste neurri batzuk hartzea, kalean eguraldiaren aire zabalean bezeroen ilarak sortzea saihesteko. 

  • Burokrazia arintzea: azaroaren 24ko 19/2017 Errege Dekretuan, otsailaren 28ko ECE/228/2019 Aginduan eta martxoaren 22ko 164/2019 Errege Dekretuan xedatutakoa betez – Oinarrizko ordainketa-kontuak arautzen dituztenak –, 1. mailan, hileko komisioa ordainduta, eta doakotasunekoa 2. mailan, urrakortasun-egoera kolektiborako eta hedapenerako aukera zabala egin dezatela, eta sinplifikatzea aurkeztu beharrekoa dokumentazioa kontu horiek eskatzen dituenari. 
  • Doako txartelak: 65 urtetik gorako pertsonei, hala eskatzen badute, doako zordunketa-txartelak ematea, inolako komisiorik gabe, erabilera-mugen inolako ordainketarik gabe, saldo jakinaren eskakizunik gabe, erabiltzeko gutxieneko zenbatekorik gabe, edo antzeko produktuak eduki gabe. 

  • Funtzioak bereiztu: Soraluzeko Udalaren Osoko Bilkurak Espainiako Bankuari eskatzen dio bankuen funtzio pribatu eta publikoak argi eta garbi bereizteko eta azken horien doakotasuna edo, bestela, gutxieneko komisio bat ezartzeko.
  • BANKA PUBLIKOA osa dezatela eskatzen die Soraluzeko Udalaren Osoko Bilkurak Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari (Ekonomiako eta Enpresari Laguntzeko Estatu Idazkaritza), bai eta Espainiako Bankuari eta euskal instituzioei ere, Banka Pribatuarekin bateragarria izan dadin, Bankaren berezko funtzio publikoak betez eta pertsona fisikoentzako sarbidekoak izanik, honako printzipio hau bete dezaten: 

     

Saldorik handiena duenari gehiago kobratzea, eta ordainagirien eta gainerako ordainbide- eta kobrantza-bideen kudeaketaren eta beste prestazio batzuen kostua kobratzea, batez ere zerbitzu hori gehienbat baliatzen duten pertsona fisiko edo juridikoei.