22. Korrika 'Hitzekin'

Goizane Plata: "Gazteleraz pentsatzen dudanez, kosta egiten zait pentsatutakoa euskaraz idaztea"

Egoitz Unamuno 2022ko mar. 31a, 15:00

Goizane Plata.

Goizane irailean hasi zen euskaltegian eta idatzizkoan trebatzea du helburu, ondoren EGA azterketa gainditu ahal izateko. "Ahalegindu nintzen EGA ateratzen baina ez nuen lortu idazmen froga gainditzerik. Gazteleraz pentsatzen dudanez, kosta egiten zait pentsatutakoa euskaraz idaztea. Aurten astia neukanez, erabaki nuen euskaltegian hastea idazmena lantzeko eta ingelesezko akademian ere bai, First titulua ateratzeko”.

Datorren ikasturtean, erizaintza ikasten hasteko asmoa du, "ahal bada, euskaraz”, eta horrekin batera, etorkizunean noizbait Osakidetzan lan egiteko itxaropena ere bai. “Badakit Osakidetzan lan egin ahal izateko beharrezkoa dela euskaraz jakitea, bai eguneroko lanerako eta baita puntuak eskuratzeko ere”. Horregatik dihardu buru-belarri euskaltegian, batxilergora arteko ibilbidean lortu ezin izan duen maila eskuratu nahian. “Eskolan aditzak eta zuhaitzak lantzen genituen baina popurri samarra zen, ez zegoen helburu zehatzik. Euskaltegian berridazketak egiten ditugu, idazlanak… Helburuak eta metodologia zehatzagoak dira”. Gustura joaten da astean lau egunez, bazkal ostean, 14:30etik 16:30era bitartean. 

Biografia linguistikoari dagokionez, Goizanek gaztelera jaso du etxean eta ikasketak euskaraz egin ostean, gaur egun euskaraz lagunekin, bikotearekin eta kalean egiten du. Gaztea Irratia entzuten du eta Zetak musika taldea du gustuko.