“Irakaslea eta ikaskideak oso jatorrak dira eta oso giro ona dago. Dagoeneko badakizkit etxeko gauzen izenak, animaliak, pertsonen ezaugarriak... eta orain ikasten dihardut urteak, agurrak, erosketetako elkarrizketak… Azkenengo hilabeteetan igarri dut asko aurreratu dudala. Orain ulertzen dut elkarrizketak nondik nora doazen. Liburu bat hartzen dudanean ere ulertzen dut gehiago… Gustatuko litzaidake, behintzat, ulertzea”. Berba egiteak “oraindik lotsa” ematen dio baina badihardu horretan ere pausoak ematen. “Ahalegintzen naiz alabekin berba egiten, gurasoen whatsappeko taldean, lagunekin... Esaldi solteak: non geldituko garen, zein ordutan… Nik esaten diet egiteko euskaraz, ikasi ahal izateko. Hori bai, kaleko euskara oso diferentea da. Umeei ulertzen diet ondoen, garbiago ahoskatzen dutelako”.
Gainerakoan, euskaldunen komunitatea “asko” gustatzen zaio. “Batez ere gustatzen zait euskaldunok zuon kirolak, hizkuntza, kultura, paisaia… defenditzeko duzuen jarrera hori. Horretatik uste dut asko dugula ikasteko euskaldunengandik”. Musika ere atsegin du, bereziki herri musika eta umeen kantak. Azken hauek “oso politak, kariñosoak, goxoak” direlako.