22. Korrika 'Hitzekin'

Damaris Ojeda: "Behin galdetu nion zela esaten zen ‘te amo’ euskaraz eta berak papertxo batean idatzi zidan"

Egoitz Unamuno 2022ko mar. 29a, 08:05

Damaris Ojeda.

Damaris Ojeda (Venezuela, 1980) duela 5 urte etorri zen Euskal Herrira bizi izatera bere bikotearekin batera eta harrezkero, Txurruka auzoko Osumazpi baserrian bizi da. Venezuelan izan zuen lehen harremana euskararekin. “Nire bikotearen aita Soraluzekoa zen, euskalduna. Lehen aldiz, berari entzun nion euskaraz. Lagun euskaldunekin batzen zenean egiten zuen. Behin galdetu nion zela esaten zen ‘te amo’ euskaraz eta berak papertxo batean idatzi zidan. Oraindik gordeta daukat paper hori”.

Damarisek gaztelera menderatzen du eta ingelesa oinarrizko mailan. Euskaraz ere ikasi nahi luke eta horregatik eman du izena otsailean etorri berrientzako Aisa ikastaroan. “Oso gustura ari naiz ikastaroan eta gustatuko litzaidake heltzea euskara ulertzera eta oinarrizko elkarrizketak izateko besteko gaitasuna eskuratzera, bikotearen familiarekin euskaraz berba egin ahal izateko, lanerako eta gainerako harreman sozialetan erabiltzeko”. Lau urteko semeak ere izan du eragina euskarara hurreratzeko erabakian. “Semea hemen jaio da, hemengo eskolara doa eta logikoa den moduan hemengo hizkuntza berba egiten du eskolako lagunekin, izebarekin etxean. Nik ipuinak irakurtzen dizkiot euskaraz, nahiz eta ez ulertu. Hizkuntza polita da. Gustatzen zait euskarak duen soinua entzutea”.

Euskal kulturari dagokionez, bertsolariak ditu gustuko: “Gaztañerreko bazkarian ezagutu nituen eta txundituta gelditu nintzen”. Eguzkiloreak ere gustatzen zaizkio, “duten esanahi sinbolikoarengatik”.