Eguenean, greba egoitzetan

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 22a, 11:16

Egoitzetako gatazkarekin lotutako mobilizazioetako bat. Argazkia: LAB.

LAB sindikatuak greba deitu du Gipuzkoako egoitzetan, “egoiliarren eta interes kolektiboaren defentsan”. LABen esanetan, “negoziazio kolektiboa berraktibatu eta gatazka hau desblokeatzeko momentua da”. Greba egiteaz batera, mobilizazioak ere egingo dituzte egun berean.

LAB sindikatuak salatu duenez, “osasun larrialdia dela-eta, jadanik larria zen egoera jasanezina bihurtu da Gipuzkoako helduen egoitza gehienetan; gehiegizko lan-kargak eta egoiliarrei behar duten atentzioa eskaintzeko denbora falta, soldata-arrakalak egoitza berean edota lan berbera egiten duten sektoreko langileen artean,egutegietan egiten diren etengabeko aldaketak, ordu sindikalak hartzeko oztopoak, lanpostuen egonkortze-eza edo justifikaziorik gabeko kaleratzeak, balorazio psikosozialik ez egitea,protokoloen eta segurtasun-irizpideen etengabeko aldaketak”. 

"Izugarrizko irabaziak"

Salatu du, baita ere, zaintza “negozio” bihurtu dutela eta “diru publikoz finantzatutako zerbitzu publikoak kudeatzen dituzten enpresa pribatuak izugarrizko irabazi ekonomikoak” izaten ari direla “gure aiton-amonen zainketa lanaz eta helduen egoitzetako langileen esplotazioaz baliatuz”.

Halaber, azpimarratu du egoitzetako gatazka “Gipuzkoako jendarteari eragiten dion auzi soziala” dela, “kalitatezko zaintza zerbitzuak jasotzeko eskubidea edota zaintza-lanak baldintzarik duinenetan eskaintzekoa urratua izaten ari” baita. 

Gatazka horren erantzule erabatekoak Gipuzkoako Foru Aldundia eta Patronala egiten ditu, “irtenbideak bilatzetik urrun, urgentziazko egoera hau betikotzen ari direlako”. 

"Pribatizazioaren ondorio"

Oro har, LAB sindikatutik behin eta berriz azpimarratu dute egoera hori, ·zerbitzu publikoen pribatizazioaren, lan prekarietatearen eta sektore feminizatuek duten errekonozimendu sozial eta ekonomiko ezaren ondorio dela” eta uste du badela momentua negoziazio kolektiboa berraktibatu eta  gatazka desblokeatzeko. 

Aldarrikapenokin, eguenean greba egiteaz gainera, besteak beste, 11:00etan, Donostiako Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean mobilizatuko dira.