Iaz abiarazitako erreklamazioan salatu zutenez, “pentsioak KPI errealaren arabera ez handitzearen ondorioz, pentsiodunok gure erosteko ahalmenean % 3,1eko galera historikoa izango dugu, eta azken 10 urteetako metatuari gehituta, pentsioek erosteko ahalmena % 7,32 murriztuko dute. Pentsioak %2,5 igotzea benetako KPItik oso urrun geratzen da, noski”.
Azoka txikian, dendetan, tabernetan...
Gaurko elkarretaratzean batu dituzte KPIren “benetako” igoeraren aldeko aurrenengo sinadurak. Plazan jakinarazi dutenez, sinadura gehiago biltzeko, paperak herriko hainbat dendatan eta tabernatan lagako dituzte.
Horrez aparte, eguenean, azoka txikia denez, bertan ere izango dira sinadurak batzen. Eta zapatuan, eguraldiaren arabera, Udaletxe ondoan izango dira.
Enplegu-pentsioen planak berbagai
Sinadura bilketaz aparte, gaur, Enplegu-pentsioen planak sustatzeko erregulazioko Lege Proiektuaren izan dute hizpide.
Laburbilduz, hari lotuta, honako hau eskatu dute:
- Lege-proiektua erretiratzea eta pentsio-plan eta -funtsetara egindako ekarpenek Gizarte Segurantzari kenketarik egin gabe kotizatzea soldata gisa, eta lan-errenta gisa ordaintzea zergak.
- Horrelako lege-proiektu bat ezin da presaz izapidetu eztabaida soziala eta parlamentarioa saihesteko.
- Ez dugu onartzen erreformaz erreforma gutxieneko pentsioen sistema publiko bat ezartzea eta pentsio osagarrien sistema bat alternatiba gisa bultzatzea, pentsio duin bat lortzeko amuarekin, eta ahal izango duenarentzat gainera.