Zentral eolikoa Karakaten

Zentral eolikoa mendigainean ipintzearen kontrako protesta

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 19a, 12:00

Atzo, barikua, 150 herritar inguru elkartu ziren Plaza Berrian, Karakaten eraiki nahi duten zentral eolikoaren kontra. Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako hainbat zinegotzi eta alkatea izan ziren Mendigainean eolikorik ez! zioen pankartari eusten, Udalak deitu batzuen  izan atzoko protesta ekimena. 

Atzoko elkarretaratzea deitzeaz gainera, martxoaren 2an izandako osoko bilkuran, Soraluzeko Udalean ordezkaritza duten EH Bildu EAJ-PNV eta PSE-EE alderdi politikoek aho batez onartu zuten honako mozioa.

Besteak beste, bertan, garbi adierazten da energia berriztagarrien aldekotasuna; baina horrekin batera, ezinbesteko ikusten dute larrialdi klimatikoari aurre egiteko ezinbesteko neurriak planifikatzerako orduan "gizartea eta instituzioak elkarlanean aritzea. Ahalik eta ekimen kontsentsuatu eta publikoenak bideratuz".

Hona hemen mozio osoa irakurgai.

 

MENDIGAINEAN EOLIKORIK EZ !

Otsailaren 14an, Capital Energy enpresako ordezkariekin bilera izan genuen. Bileraren helburua Muskiritzukomendilerroan bi haize errota ipintzeko proiektuaren berri ematea izan zen udalerrian ordezkaritza dugun alderdi politikoei.

Aurkeztutako proiektuak, Karakateko antena kokatuta dagoen tokitik, Gizaburuagako dolmena aurkitzen den mendilerroko eremu bitartean bi haize errota eraikitzea proposatzen ditu. Haize erroten zutoinek 100 metroko altuera izango lukete eta 77 metro luzerako hegalak.

Garbi uztea nahi dugu energia berriztagarrien alde gaudela. Are gehiago, larrialdi klimatiko bete-betean egonik, deskarbonizazioaren bidean energia kontsumoa murrizteaz gain energia berriztagarrien aldeko apustu irmoa egitea estrategikotzat ikusten dugula. Baina jakitun gara energia berriztagarriak erabiliagatik ere saihestezina izango dela ingurumen kalteak ekiditea. Horregatik larrialdi klimatikoaren aurrean eman beharreko pausoak planifikatzeko orduan oso garrantzitsua izango da gizartea eta instituzioak elkarlanean aritzea. Ahalik eta ekimen kontsentsuatu eta publikoenak bideratuz.

Guzti horregatik eta azken urteetan Muskiritzuko mendilerroa balorean jartzearen egin den apustuirmoarekin uste dugu mendigainean bi haize errota eraikitzea ez dela onargarria.

2010. urtetik aurrera , Bergara, Elgoibar, eta Soraluzeko udalek Elosua-Plazentziako Estazio Megalitikoa eta bertako balore handiko kultur eta natur ondarea bai eta geologia biologiari buruzko beste ondare-elementu batzuk balioan jartzeko “Dolmenen ibilbidea” izeneko proiektua bultzatzen dabiltza; Debemen ( Debabarreneko Landa Garapen Agentzia) eta Debegesarekin ( Debabarreneko Debabarreneko Garapen ekonomikoaren ) elkarlanean.

Bestalde aurreko urtean, Soraluzeko udalak Muskiritzuko mendilerroko kudeaketa plana onartu berri du. Plan honen helburua, udalerriko zati diren Muskiritzuko mendilerroan kokatzen diren zenbait lursailetan natura-ingurunea hobetzeko eta biodibertsitatea kontserbatzeko egin beharreko lanak zehaztea da. Plan hau garatzeko, azken urteetan, mendigaineko lur sailak erosten joan da udala eta baita bertakoak diren zuhaitzenaklandaketak ere egin ditu.

Azpimarratzea nahiko genuke Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena, Jasangarritasuna eta Ingurumen departamentuak Dolmenen ibilbidea balorean jartzeko, Muskiritzuko kudeaketa plana idazteko eta udalaren jabetzakoak diren lurretan landaketak egiteko dirulaguntzak eman izan dituela azken urte hauetan.

Ondorioz Soraluzeko udal batzak honako hau erabakitzen du:

●Mendigainean bi haize errota eraikitzeko Capital Enery enpresak aurkeztutako proiektuaren aurka azaltzen gara.

●Arestian bezala, Muskiritzuko mendilerroak dituen kultur, natur, aisialdi, ondare geologiko eta biologikoak balorean jartzen eta horretarako “Dolmenen ibilbidea” bezala ezagutzen dugun proiektua sustatzen eta bultzatzen jarraituko dugunaren aldeko konpromezu sendoa azaltzen dugu.

●Soraluzeko Udalak ondorengo egunetan dei egingo die herritarrei, Plaza Berrianegingo den elkarretaratzearekin bat egiteko.