Autoservicio Amparo saltokiko Txaro eta Amparo Fernandezek kontatu dutenez, Ukrainarako materiala batzen hasi zirenean, egunean hiru bider erretiratu behar izaten zituzten batutakoak dendatik, biltegian kabitu ezinda zutelako materiala. Orain, apurtxo bat baretu egin da jendearen erantzuna, baina soraluzetarrak “erabat inplikatu dira”.
Gaineratu dutenez, saltokian ez ezik, udal ludotekan ere laga dituzte jostailu mordoa ukrainar umeendako.
Bilketa handia eta elkarretaratzea
Bestalde, gogora ekarri dute zapatuan, egun osoan Ukrainarako material bilketa puntua izango dela Plaza Zaharreko karpan, 09:00etatik 21:00etara, etenik egin gabe. Gauza oso jakinak behar dituzte eta horiek bakarrik batuko dituzte, lehen sorospenetarako materiala, garbiketarako, hotzari aurre egitekoa eta elikagai zehatz batzuk. HEMEN KLIKATUTA xehetasunak ikusgai.
Material bilketaz gainera, Soraluzen astero egiten ari dira Ukrainaren aldeko elkarretaratzeak eta bihar ere halaxe egingo dute. 19:00etan da hitzordua, Plaza Berrian.