Gaur, Udaberri Txapelketako finalerdia jokatuko dute, Aranen

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 11a, 09:15

Gaur, barikua, 19:15ean kadete mailako Udaberri Txapelketako finalerdia jokatuko dute Soraluzeko PIlota Taldeko Ibarrak eta Caramanzanak Oñatiko bikotearen kontra. Bestalde, bihar arratsaldean, eskolarteko partidak eta paletako banakako partida jokatuko dituzte.

Orain arteko ibilbidea aintzat hartuta, irabazteko esperantzarekin joango dira gaur iluntzeko partidara Soraluzeko elkarteko pilotariak. Ligaxkan lehenak gelditu dira eta gehien 13-14 tanto egin dizkiete, beraz, esperantza horrekin kantxaratuko dira. 

Gaur irabaziz gero, noski, finalerako sailkatuko dira Ibarra eta Caramanzana eta aurrez aurre izango dituzte Bergarako edo Azpeitiko bikotea, gaur bigarren finalerdia jokatuko duen beste bikotea. Finala hurrengo astean jokatuko dute. 

Bihar arratsalde osoan

Biharko partidei dagokienez, berriz, 16:00etan hasita, eskolarteko hiru norgehiagoka izango dira Araneko frontoian. Horren ondoren, 17:30ean hasita, gomazko paletako banakako partida jokatuko du Jon Gallastegik Orioko Aldalurren kontra. Gipuzkoako gomazko paletako banakako nagusi mailako bigarren mailako txapelketa izango da biharkoa. Gallasek irabazi egin ditu orain arteko partidak. Biharkoa hirugarrena izango da.