Ukrainako gerra

Gaur ere plazara, Ukrainako inbasioaren kontra

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 10a, 09:33

Gaur, eguena, Ukrainaren alde izango den elkarretaratzean parte hartzeko deia egin dute. 19:00etan da hitzordua, Plaza Berrian. Hango umeak etxean izan zituzten Soraluzeko senideei geroago eta nekezagoa egiten ari zaie Ukrainakoen gaineko notiziak eskuratzea. Gainera, dakiten apurra ez da ona. Likartsuken familia, adibidez, gaixotu egin da. Eta Kovalencoren familia beldurrez da dagoen lekutik irten eta beste norabait joateko.

Inna Likartsuk-en azken berriak joan den barikukoak dira, haren ama Mertxe Galarragak kontatu duenez. Dakitena da etxera bueltatu direla eta handik ezin direla irten, okupatuta baitago dena. Eta badakite, baita ere, familiako guztiak gaixorik daudela, hotzaren ondorioz. Mezu hori da jaso zuten azkena. “Nik egunero mezua bidaltzen diodan arren, berak ez du ikusi ere egiten. Pentsatzen dut han, bere etxean ez dutela Internetik izango”.

Kovalencotarrak

Bestalde, Elena Kovalencoren berri larregirik ere ez dute, haren hemengo ama Itziar Gantxegik jakinarazi duenez. Badakite ondo dagoela baina ezer gehiagorik ez. Beste alabak, Anak, berriz, dagoen lekutik mugitu ezinda dagoela kontatu dio Gantxegiri. “Beste pertsona batzuekin dago, Kievetik irtenda daude, baina ez dute esaten non dauden. Nahi zuten aztertu beste herri batera joateko aukera. Baina itxura denez, ezagun batzuk tirokatu egin dituzte irten direnean eta beldurrez daude irteteko. Berak dio aukera baldin badute esango digutela bila joateko-edo”.