"Hizkuntza letraz letra eraikitzen da eta nik ere letrak gehitu eta arkitektura eta bolumen bat eraikitzen dut beste sentsibilitate batekin konektatzeko", azaldu zuen artista mañariarrak 'Nire liburuak' izeneko erakusketaren inaugurazioan. Hain zuzen, letrak edota liburuak erabiliz eratutako artelanak dira erakusketak ikus daitezkeenak; altzairuan eginak dira batzuk, paperean eginak beste zenbait, koloredunak, zuri-beltzekoak, erliebean egunak, zulatuak...
Arrizabalagak objektu artistiko gisa darabiltza letrak eta liburuak, eta azpimarratu nahi du literaturaren eta liburuen balioa: "Oraintsu arte, liburuak memoriaren eta historiaren gordailu izan dira eta eurak ziren beste errealitate batzuekin konektatzeko bideak. Gaur egun sare sozialak eta interneta ditugu eta batzuei liburuek traba egiten diete. Nik liburuak artelan bihurtzen ditut eta beste bizialdi bat ematen diet objektu eskultoriko moduan. Horixe da ni pasioa".
'Hitzen txokoa' eskultura
Bestalde, joan zen astetik ikusgai dago Plaza Berrian Arrizabalagaren 'Hitzen txokoa' eskultura ikusgarria, altzairuzkoa eta lau metroko altuera duena. 2014an amaitutako eskultura honek ere letrak ditu osagai nagusi, "literaturaren erreferentziazko espazio berri bat eraikitzeko, hizkuntzaren aukera adierazkorrak eta bere esanahiak zalantzan jartzen dituena".
"Sekulako ilusioa egin dit"
Arrizabalagak bere eskerrona agertu zuen beste behin bere artelanak Soraluzen erakusteko aukera eskaini diotelako: "Sekulako ilusioa egin dit hamabi urteren ostean nire lana berriz Soraluzen erakusteko gonbitea jasotzeak. Sekulakoa da Soraluze moduko herri txiki batean halako arte galeria bat izatea, sekulakoa".