Ukrainako gerra

“Hildako mordoa daude”

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 4a, 11:02
Luba ukrainarra Mertxe Galarragarekin.

Luba 2007az geroztik bizi da Soraluzen -lehenago Oñatin- seme batekin. Atzo, eguena, Plaza Berrian izan zen, Ukrainaren aldeko elkarretaratzean parte hartzen. Kontatu zuen Ukrainan duen familiako kideek egonezin handia dutela, etengabe mehatxua gainean dutela bizi direla, ez dakitela hurrengo orduan ere zer gertatu daitekeen.

Luba Kievetik 180 kilometrora dagoen lurraldekoa da. Bera Soraluzen bizi den arren, bere familiak han segitzen du.

Zelan daude?

Urduritasunez beteta, egonezin handiarekin. Anaia guardian dago. Lehengusu bat armadan dago, nahiz eta 50 urte baino gehiago izan. Herritar asko altxatu dira Putinen eta haren gobernuaren kontra. Izan ere, errusiarrak onak eta txarrak, denetarik daude, mundu guztian moduan. Baina Putinen gobernuarekin… bi hamarkada daramatza mundu osoan gerrak egiten. Orain Ukrainari tokatu zaio. Hildako mordoa daude. Nire probintzian hainbat bonba jausi dira, baina ez asko. Hori ba, denbora guztian itxaroten ari dira, zer gertatuko. 

Zuzenean egiten duzu berba eurekin?

Familiarekin berba egin dezaket, bai, oraindik Internet badabil. Oraingoz, ondo daude. Hori bai, anaiak bihotzeko arazoak ditu eta orain ezin du bere burua zaindu. Pertsona nagusiei ere asko eragiten die egoerak, bonbardaketen abisuak egunero daude eta sirena horrekin… Oso egoera arriskutsua da eta oso urduri daude. Putinek berak agintzen du. Boterea besterik ez du nahi. Ez dakigu zer gertatuko den bihar. Ez dakigu ezta hurrengo orduan zer gertatuko den ere.

Gaurkoa moduko elkarretaratzeek balio dute zerbaitetarako?

Bai. Eskerrak horrenbeste jende dagoen laguntzeko prest, ez nuke sinistuko. Soraluzen ere jende on asko dago. Ukrainan bertan ere, han ikasten zeuden afrikar eta arabiar gazteetako asko orain han gelditu dira borrokan. Turkiarrak ere bai. Jende asko ari da laguntzen.