Ukrainako gerra

Ukrainaren aldeko elkarretaratzea eta material bilketa

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 4a, 10:05

Atzo, eguena, Ukrainako inbasioaren kontrako bigarren elkarretaratzea egin zen Plaza Berrian. 60 herritar baino gehiagok babestu zuten protesta ekimena, tartean, ukrainar seme-alabak etxean izan dituzten Soraluzeko familiek eta baita Soraluzen bizi den Luba ukrainarrak ere. Aurrerantzean, eguenero izango dira elkarretaratzeak. Bestalde, Autoservicio Amparo saltokian ukrainarrei laguntzeko materiala batzen segitzen dute.

Atzoko elkarretaratzean, berriro ere ikusi ziren aurpegi ilunak bertaratu zirenen artean. Ukrainarrekiko zuten kezka handia ere nabarikoa zen. Baten batek zein bestek ezin izan zien malkoei eutsi. Plaza Berrian, isilean egon ziren elkarretaratzeak iraun bitartean, Ukrainako bandera erakutsiz eta gerraren kontrako mezuak haizatuz.

Aurrerantzean, eguenero elkartuko dira, 19:00etan, Plaza Berrian.

Autoservicio Amparon materiala batzen

Bestalde, Autoservicio Amparo saltokian Ukrainara bidaltzeko materiala batzen segitzen dute. Baina dagoeneko arropa batzeari laga egin diote, domekan hara bidali behar duten edukiontzian ez delako arropa gehiago kabitzen.

Txaro Fernandez ugazabak kontatu duenez, orain arte, soraluzetarrak oso eskuzabalak izan dira. “Linternak behar ziren eta jendea joan da linterna berriak erostera; eskularru berriak ere ekarri dizkigute, galtzerdiak eta farmaziako produktu erosi berriak ere bai. Bestalde, ekarri dizkigute, baita ere, eskuz egindako bendak, kakorratzez, perle hariarekin egindakoak. Garbitu eta berrerabiltzeko dira, benetan txukunak”.

Egunotan, berriz, bestelako materiala batzen ari dira, Ukrainarako beste edukiontzi bat betetzeko.  Honako materiala behar dute orain: botikinak, bendak, eskularruak eta galtzerdiak. Txaro Fernandezek esandakoaren arabera, datorren astean beste edukiontzi bat bidaliko dute harantz, bere senarraren Garajes Garcia enpresan lanean diharduen ukrainar baten bitartez.