Martxoaren 4an hasi eta 30era bitartean, Victor Arrizabalaga (Mañaria, 1957) eskultorearen Nire liburuak erakusketa izango da ikusgai Oreka Art galerian eta erakusketa horren parte da atzo eguerdian garabi baten laguntzaz Plaza Berrian kokatu zuten burdinezko artelan erraldoia. Antolatzaileen asmoa da artelana lau hilabetez plazan izatea, behintzat ekainera arte.
Mañariarrak burdina eta altzairua erabiltzen ditu bere artelanak sortzeko eta haietako askotan letrak izan ditu osagai. Ez da lehen aldia Arrizabalagaren obrak Soraluzen ikusgai jartzen direna; 2010ean, puzzle pieza koloretsuekin osatutako beste eskultura erraldoia ezarri zuten Plaza Berrian. Gaur egun, eskultura hura Durangon dago ipinita.