Bihar, Ukrainiaren aldeko elkarretaratzea

Ubane Madera Zangitu 2022ko mar. 2a, 11:16

Inna Likartsuk senarrarekin eta bi alabekin.

Bihar, eguena, Ukrainaren aldeko bigarren elkarretaratzea deitu dute. 19:00etan da hitzordua, Plaza Berrian. Azken egunotan, gogortu egin dira ukrainiarren kontrako eraso militarrak. Soraluzen egondako ukrainiar gazteei dagokienez, Inna Likartsuren berririk ez dute orain dela bi egun; Elena Kovalencorengandik, berriz, egunero jasotzen dute haren partea, sikiera egunean behin. Beldurtuta eta argindar barik daude.

Gaur, Ukrainiaren inbasioa hasi zenetik 7. eguna bete da. Oso egoera gogorra bizitzen ari direla jakinarazi diete Soraluzeko senideei.

Laguna hilda, amaren notizia barik

Mertxe Galarragaren alaba Inna Likartsuri eta haren familiari dagokionez, badira bi egun euren berririk ez dutela. Bideo-deia egin zuten herenegun azkeneko aldiz. Galarragak kontatutakoaren arabera, beldurtuta zegoen. Jakin izan zuen, gainera, bere lagun bat etxe barik geratu zela eta gero hil egin zutela: “Denbora guztian zegoen zerura begira. Argi barik segitzen dute. Umeak babeslekutik irten ezinda daude. Eurak, berriz, irteten dira berba egiteko eta mugikorrak kargatzeko, ze denbora guztian entzuten dituzte tiroak. Zorionez, elikagaiz hornituta daude, lagun batek denda duelako. Mantak ere badituzte. Ivankiv-en daude, baina ez daude lehengo etxean. Eta Ivankiv-en bizi da bere ama ere baina haren berririk ez zeukan. Ahizpa, berriz, tratamendu onkologikoa hartzen dago, baina orain ezin du gehiago hartu. Diote ezin direla Ivankiv-etik mugitu. Errusiarrak hantxe daude, Kieverako bidean zihoazen 500 tanke ikusi zituela kontatu zuen, izan ere, Ivankiv Bielorrusiaren eta Kieven artean dago. Egoera ez sinestekoa da. Guk, behintzat, transmititzen diegu ez daudela bakarrik”. 

Bukatzeko zain

Elena Kovalencori dagokionez, berriz, Irati Iñurrietak kontatu du egunero bidaltzen dietela partea, mezu baten bidez, sikiera. Duten azken berria da ez dutela argindarrik, nahiko ondo daudela, atseden apurra hartzea lortzen dutela eta itxaroten daudela, hau bukatzeko.