Otsailaren amaieran, Espainiako banketxeen patronalek, AEBk, CECAk eta UNACC-k adostu zuten luzatu eta hobetu egingo zutela adinekoak edo zailtasunak dituzten bezeroak aurrez aurre artatzeko bulegoetako ordutegia.
Carlos San Juan 78 urteko erretiratuak abiarazitako Adinekoa naiz, ez memeloa erreklamazio kanpainaren ondotik etorri da neurri horiek hartzeko adostasuna.
Soraluzen ere idatzi zuen gaiari buruz Nikolas Morillok, Pil-pilean aldizkarian. HEMEN KLIKATUTA irakurgai testua.
Bada, Soraluzen gelditzen diren entitate finantzarioei dagokienez, Laboral Kutxa dagoeneko hasi da ordutegi berria eskaintzen aurrez aurre. Orain arte, 08:30etik 12:00ak artekoa zen, bada, atzo ezkero, 14:00ak arte luzatu dute ordutegia.
Kutxabanken martxoaren 15etik
Kutxabanken galdetuta, berriz, jakinarazi dute datorren martxoaren 15etik aurrera hasiko direla ordutegi berria aplikatzen eta Kutxabanken bulegoetan ere 08:30etik 14:00ak arte artatuko dituztela adinduak, baina bi baldintzarekin. Ordutegi hori aplikatuko dute kutxa zerbitzua duten bulegoetan eta OK kontua duten 65 urtetik gorakoei zuzenduta.
Gainerako betebeharrak
Entitate finantzarioen patronalak onartutako akordioaren arabera, beste honako puntu hauek ere bete beharko lituzkete entitate finantzarioek:
1. Kutxa-zerbitzuetarako aurrez aurreko arreta-ordutegiak luzatzea, gutxienez 09: 00etatik 14: 00etara. Zerbitzu hori leihatilan edo kutxazainean emango da.
2. Nagusiei lehentasunezko tratua ematea sukurtsaletan eta lehentasuna ematea bulegoetan jende asko biltzen den kasuetan.
3. Merkataritza-sareko langileei talde horren beharrizanei buruzko nahitaezko prestakuntza espezifikoa ematea.
4. Telefono bidezko lehentasunezko arreta, kostu gehigarririk edo zuzeneko kosturik gabe, solaskide pertsonal baten bidez.
5. Telefono bidezko arretaren gutxieneko ordutegia 9: 00etatik 18: 00etara, bulegorik gabeko zerbitzuak ematen zaizkien bezeroentzat.
6. Kanalak erabileraren arabera moldagarriak, irisgarriak eta errazak direla bermatzea eta bezero horien eskura jartzea hizkera eta ikuspegi sinplifikatua duten bertsioak.
7. Zerbitzuz kanpo dauden kutxazainak konpontzea, gehienez ere 2 lanegunetan eskudiruaz hornitzen direla ziurtatzeko, eta hurbilen dagoen kutxazain alternatiboaren informazioa ematea.
8. Finantza-hezkuntzako, hezkuntza digitaleko eta iruzurren prebentzioko ekintzak eskaintzea bezeroei, egokiena den bidetik.
9. Erakundeek bezero nagusien kolektiboari jakinaraziko dizkiote haien eskura jarritako hobekuntzak jakinarazteko hartzen dituzten neurriak.
10. Finantza Inklusioaren Behatokiaren xedea zabaltzea, erakundeek finantza-zerbitzuak modu pertsonalizatuan emateko hartutako neurrien jarraipen egokia egiteko.