Zentral eolikoa Karakaten

"Herri honetan edozein proiekturi ateratzen zaio plataforma bat"

Xabier Martin (Berria.eus) 2022ko ots. 27a, 18:17

Arantxa Tapia.

Jaurlaritzak ez du «asmorik» parke eolikoen auzian Ingurumen Administrazioaren Legea baliatzeko, baina Tapiak argi utzi du haize errotak estrategikoak direla, eta «ekintzak» behar direla konpromisoak betetzeko. Gaur, domeka, Berria egunkariak argitaratu du Arantxa Tapiari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuari egindako elkarrizketa. Besteak beste, eolikoak izan dituzte berbagai. Barruan, eolikoei buruz egindako galdera-erantzunak daude irakurgai eta amaieran elkarrizketa osora joateko lotura.

Parke eolikoen aurkako erantzuna ez da txikia Euskal Herrian; aurreikusitako kokagune denetan egingo dira?

Oinarria energia berriztagarrietan behar dugula esaten badugu, eolikoa, fotovoltaikoa eta hidroelektrikoa sartzen dira hor. Guk ez dugu Duero edo Tajoren moduko ibai handiak hidroelektrikoa gure alde jartzeko. Beraz, parke eolikoak behar ditugu bai ala bai gure mix-ean. Inguruko herrialdeekiko menpekotasun izugarria dugu, %90ekoa. Apustu sendoa behar dugu, ez bakarrik hitzez, baita ekintzez ere.

Zoruen ordenazio berria ez da egongo 2024ra arte behintzat; hura onartu aurretik abiatuko dira proiektu eolikoak?

Badugu ordenazio bat indarrean, eta horrek zehazten ditu leku batzuk haize errotak jartzeko, ingurumen ikuspegitik bideragarri direlako eta haizea badutelako. Gerta daiteke ingurumen baldintzak direla eta, leku batzuetan ez egitea parkerik, indarrean dugun LPSa oso zaharra delako. Hori gertatu da jada proiektu batekin. Ari gara LPSa berritzen, baina luze jotzen du horrek.

Ordenazio berria egitea prozesu luzea dela diozu; ezin da haren zain egon?

Berandu iritsiko ginateke seguruenera, 2050erako badirelako helburu batzuk betetzeko. Ekintzak behar ditugu berriztagarrien konpromisoak betetzeko.

Urtebetean ikusiko ditugu zenbait parke eoliko abiaturik?

Bai, gure asmoa da batzuk abiaraztea, betiere berme guztiekin, eta epeak errespetatuz. Ingurumenari begira berme ugari jartzen ari gara, eta horiek denak bete beharko dira.

Ingurumen Administrazioaren Lege onartu berria baliatuko du Jaurlaritzak parke horiek egiteko, udal gobernuren bat aurka azaltzen bada?

Ez da gure asmoa. Badakigu aurkako plataformak badaudela: herri honetan edozein proiekturi ateratzen zaio plataforma bat. Baina bermeak dira lehen-lehena, eta proiektuak beharrezkoak dira. Parke horiek ikaragarrizko onura ekar diezaiokete gure herriari.

Bere lurretan proiektu bat nahi ez duen udal gobernua alboratzea ez dela demokratikoa dio oposizioak. Zer diozu Ingurumen Administrazioaren Legearen izaerari buruz?

Legea tramitatzen ari zela zuzenketa moduan sartu zelako egon da eztabaida. Baina nire galdera da: zuzenketa gobernua osatzen dugun taldeok ez, oposiziokoek jarri izan balute, ez al litzateke demokratikoa izango? Prozedura normala izan da; hori izaten da ohiko bidea. Energia berriztagarrien LPS berria martxan jartzen dugunean, arlo komertzialarena edo basoetakoa, udalek beren borondatea albo batera utzi beharko dute, ordenazio hori gainetik datorkielako, ados egon ala ez. Interes orokorreko gai bat bada, administrazio publikoek sustatua, proiektu horrek bide bat egiteko modua behar du, eta erabat demokratikoa izango da; beste erkidegoetan erabiltzen den sistema da. Alkateari gainetik datorkiona ez da demokratikoa herriak agian ez duelako ongi kontsideratzen? Lege hori salbuespen egoeretan erabiliko da, dena den, Jaurlaritzak txosten guztiak egin eta gobernu kontseiluan onartu ondoren: ez da edozeren gainetik erabiliko.

Argi utzi duzu eolikoak estrategikoak direla. Haizea Wind jarriko da Naval zenaren orubean?

Orubearen eroslea ari da hitz egiten zenbait hautagairekin, eremuaren %51 arlo industrialarentzat delako. Haizea Wind izan daiteke, bai, baina beste batzuk ere badaude. Lurreko haize energian balio kate handia dugu, baina salto egin behar dugu itsasoko haize energiara. Offshore-ra joateko plataforma flotagarriak behar ditugu, eta hori garatzeko instalazio egokiak; Naval ohiarenak izan daitezke, baina oraindik ez dago ezer itxita.

Irakurri elkarrizketa osoa Berria.eus-en.