Gaur goizean, herritarren joan-etorri handia ari da izaten Plaza Berrian. 10:00ak geroztik, bertan da Gipuzkoako Foru Aldundiaren kapsula. Etorkizuna Eraikiz erakundearen leloarekin bat eginez, kapsula herritarren eta Diputazioaren arteko elkarlanari bide emateko erremintetako bat izatea da helburua, etorkizuna elkarrekin eraikitzeko.
Gobernantzako diputatu Eider Mendoza bera ere izan da Soraluzen. “Guztiok amesten dugun lurraldea eraiki behar dugu, eta, horregatik, dinamika parte-hartzaile hori sustatzen dugu, kapsula hainbat herritara eramanez”, nabarmendu du. “Gipuzkoarrek dituzten gogoeta, kezka eta ideiak entzun nahi ditugu. Hain zuzen ere, dinamika horrek bide bat irekitzen du gizartearen parte-hartze aktiborako”, gaineratu du diputatuak.
Halaber, Mendozak esplikatu duenez, gaur soraluzetarren ekarpenak jasoko dituzte eta kapsulak egitekoa duen herriz herriko ibilbidea bukatu ondoren, Markel Olano diputatu nagusia Soraluzera etorriko da, herritarrengandik jasotako ekarpenen berri ematera.
Herritarrak animatu parte hartzera
Diputatuarekin batera, besteak beste, Iker Aldazabal alkatea ere izan da kapsulan. Ekimenaren gaineko azalpenak bertatik bertara jasotzeaz aparte, alkateak berak egin ditu bere ekarpenak. Horrekin batera, eskerrona helarazi dio diputatuari soraluzetarrei euren eskaerak helarazteko aukera ematearren: “Soraluzetar guztiak animatu eta gonbidatu nahiko nituzke beraien ekarpenak, iradokizunak eta etorkizuneko nahi eta ametsak Aldundiari helaraztera”.
Bestalde, kapsulan lanean diharduten Diputazioko teknikariek esan dutenez, goizean, behintzat, soraluzetar asko ari da ekimenean parte hartzen. Besteak beste, Institutuko ikasleak eraman dituzte bertara, baina horrez aparte, herritar heldu asko ari da ekarpenak egiten.
Karakate babestea, autobusak, segurtasuna…
Egindako ekarpenen gainean galdetuta, berriz, honakoak helarazi dituztela kontatu dute hainbat herritarrek, besteak beste: Karakate babestea, herrian denda gehiago izatea, herria hobeto argiztatzea, autobus gehiago eta zerbitzu hobea, segurtasun handiagoa lapurreta asko izaten ari delako, edukiontziak hobeto garbitzea eta Soraluzen trena ipintzea.
Kapsula egun osoan izango da Plaza Berrian. 19:00ak arte dago ekarpenak egiteko aukera.