Zentral eolikoa Karakaten

Hasi da dorre eolikoen proiektua gerarazteko mugimendua

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 24a, 14:42

Atzo 40ren bat herritar elkartu ziren gaztetxean egin zen batzarrean.

Atzo, eguaztena, 40 herritar inguru elkartu ziren -tartean EAJko eta EH Bilduko udal ordezkari bi-, Karakaten ipini nahi dituzten bi dorre eoliko erraldoien proiektuaren harira egindako batzarrean. Erabaki zen, besteak beste, proiektua gerarazteko taldea sortzea eta herritarrei dei egitea bi ekimenetan parte har dezaten. Batetik, bihar Aldundiaren izenean etorriko den "kapsula"ren bitartez zuzenean helaraztea gaiarekiko kezka diputaziokoei eta bestetik, parte hartzea martxoaren 2an egingo den ezohiko udalbatzarrean.

Atzo, gaztetxeko batzar irekira bertaratu ziren herritarren artean, kezka, ardura eta haserrea sumatu ziren Capital Energyk aurkeztutako proiektuaren aurrean, dorre eoliko erraldoi horiek mendigainean ipintzeak ekarriko dituen kalteengatik. Azpimarratu zen herritarrak ez daudela eolikoen euren kontra, baina bai dorre eolikoak Karakateko mendilerroan ipintzearen kontra.

3 metroko sakoneran

Kezka areagotu egin zen jakinarazi zenean dorreak ipintzeko eraikitzeko beharreko egiturak zelakoak izango diren. Jakinarazi zutenez, dorreak ipintzeko 3 metro sakon zulatu behar da mendia eta 25x25eko oinarria (Zubi Nagusia bestekoa) ezarri behar da, baita euren artean komunikatzeko bidea egokitu ere. Hori guztia hormigoiz, noski. 

Horrez gain, pentsatzekoa da errepidea ere handitu egin beharko dutela, gailuak mendira igo ahal izateko.

Soraluzeko proiektuarekin lotutako xehetasun gehiagoren faltan, orain arte proiektuari buruz dagoen informazioa partekatu zuten batzarrean eta adostu zuten proiektua gerarazteko ahalik eta elkarlanik zabalena lantzea. 

Beste bi proiektu ere badaude

Horrekin batera, jakinarazi zuten, Soraluzen ez ezik, Gorlatik aurrerago, Antzuola-Urretxuko lurretan zein Izazpi mendilerroan, Azkoiti-Zumarraga eta Urretxuko lurretan, abian daudela dorre eolikoak ipintzeko beste bi egitasmo ere, Soraluzeko proiektua baino aurreratuago daudenak. 

Egoeraren aurrean, erabaki zen herrian taldea sortuko dela proiektuari aurre egiteko. Eta dagoeneko bi ekimenetan parte hartzeko deia egin da. 

Bihar, Diputazioko ordezkariengana

Batetik, bihar, barikua, Gipuzkoako Diputazioaren kapsula izango da Plaza Berrian 10:00etatik 19:00etara herritarren ekarpenak jasotzeko helburuarekin. Bada, herritarrei dei egiten zaie kapsulara bertara daitezen dorre eolikoen gaineko kezka helaraztera. 

Kapsula horretan, Diputazioko bi teknikari izango dira eta bertan emango dituzte ekarpenak egiteko orriak. Haiek bete ondoren, kapsulan bertan izango den  postontzira bota behar dira. 

Bada, atzoko batzarrean proposatu zen denok mezu berbera eramatea kapsulara. Honako bi esaldi hauek, hain zuzen: Karakate babestu eta Eolikoak bai, horrela ez

Martxoaren 2an udalbatzarrera

Horrekin batera, jakinarazi zuten datorren martxoaren 2an osoko bilkura ezohikoa egingo duela udalbatzak; han dorre eolikoen proiektuaren kontrako mozioa debatitu eta onartuko dute udal ordezkariek -EAJ, PSE-EE eta EH Bildu- eta herritarrei dei egin zieten batzarrera joateko, Udalarekin batera, herritarren kontrakotasuna ere erakusteko.

Halaber, batzarrean zeuden udal ordezkariek jakinarazi zuten asmoa dutela osoko bilkuraren ondoren, eguenean, elkarretaratzea deitzeko proiektuaren kontra -bertaratzeko deia egin zen-, alegazioak aurkezteko asmo sendoa erakutsi zuten eta jakinarazi zuten, besteak beste, eremuaren babes maila aztertzen diharduela Udal Idazkariak. 

Dena den, herritarren galderei erantzunez, esplikatu zuten proiektua gauzatu ala ez baimena ematerako orduan, azken berba Eusko Jaurlaritzak duela.

Hurrengoa, martxoaren 3an

Proiektuaren kontrako taldearen hurrengo batzarra martxoaren 3an izango da, Udalak deituko duen elkarretaratzearen ondoren, gaztetxean. Batzar irekia da eta interesa duen edozein bertara daiteke.