Kharima, Zhor eta Halima dira urritik otsailera bitartean Soraluzeko euskarazko uler-saioen taldean parte hartu duten bederatzi herritarretako hiru eta hiruak gustura agertu dira hilabeteotan izan duten bilakaerarekin. Adierazi dutenez, sentsazioa dute euskarazko gaitasunean aurrera egin dutela: “Sartu ginenean ez genekien ezer, Kaixo eta Agur esaten bakarrik. Ez genuen ezer ulertzen. Orain elkarrizketetako esaldi sinpleak eta beste hainbat hitz, zenbakiak, koloreak, aditzak, objetuen izenak ulertzen ditugu eta etorkizunean hobetzen jarraitzeko moduan gaude”.
Iritzi berekoa da uler-saioen eskolak eman dituen Oihana Lado AEKko irakasle eibartarra ere: “Euskaraz zero ulertzetik, puntu garrantzitsu batera heldu dira eta dagoeneko ulermen maila polita dute. Nabarmenduko nuke ikasle guztiek izan duten jarrera, oso ona izan da eta. Gero, egia da batzuek beste batzuek baino gehiago aurreratu dutela. Orokorrean, ahozko metodoa egokia iruditu zait baina gogorra ere bai, ikasleei esaten zaiena ulertzeko eskatzen dien ahaleginagatik”.
Uler-saioen metodologia probatzeko saioak EHUko Pello Jauregi irakaslearen ekimenez abiatu dira eta martxoaren hasieran emango dute pobra-pilotuak eman dituen emaitzen berri.