Soraluzek dituen indikadore negatiboak kontuan hartuta, -Gipuzkoako langabezia tasarik altuena, bailaran Dirusarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) jasotzaile kopururik altuena eta beste- herriko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, bazterkeria arriskuan dauden pertsonei arreta emateko zentro bat irekiko du, enplegu duin bat lortzera bideratutako ibilbide pertsonalizatuak eskainiz.
Horrekin batera, Lanbiderekin elkarlanean, formazio saioak ere antolatuko dira, langabeek aukera zabalagoak izan ditzaten lan merkatuan sartzeko. Era berean, gizarte eta lan arloko aholkularitzarako “hurbileko gunea” ere izango dela adierazi du alkateak.
Kokagune modura, Udalak 5.000 euroan bereganatu duen Kalebarren 8ko lokala baliatuko dute. Gaur goizean, Gizarte Politikako Diputatu Maite Peña eta Aldundiko beste bi langile berau bisitatzen izan dira, Iker Aldazabal alkatearen eskutik.
Han jakinarazi dute datozen hilabeteotan hasiko dituztela lokala zaharberritzeko lanak eta urte amaierarako bukatuta izango direla. 455.902,42 euroko inbertsioa egin beharko da obrak egiteko; horietatik 342.000 euro foru aldundiak emango ditu.
Erabilera anitzeko formazio gela
Xehetasunen arabera, lokalak bi solairu ditu; kale-mailan dagoen espazioak 120m2 ditu eta sotoak 70m2. Udala lokala zaharberritzeko proiektua lantzen ari da eta ondorengo banaketa egitea aurreikusten du: 7,32 m2-ko ataripea, 10,91 m2-ko talde-arretako gela, 9,48 m2-ko banakako arretarako gela, 16,24 m2-ko beste talde-arretako gela bat eta 50 m2-ko erabilera anitzeko formazio gela bat.
Beheko solairua eta sotoa bat egingo dituen barne eskailera eraikiko da eta irisgarritasun baldintzak bermatzeko igogailu bat. Sotoaren espazioaren banaketa ondorengoa izango da: 50 m2ko erabilera anitzeko formazio gela bat eta erabiltzaileei zerbitzua emango dien bi komun.
Peña foru diputatuak azpimarratu duenez, “lana da gizarteratzeko tresna nagusia, baldintza berdinetan bizitzeko proiektu duin bat eraiki ahal izatea ahalbidetzen duena”. Azpimarratu du Gipuzkoan “oso lan sakona” egiten ari dela: “Gizarte inklusioari lotutako politika publikoen berrorientazioan aurrera egiten jarraitzen dugu, pertsonalizazioan, komunitatearen aktibazioan eta berrikuntzan indarra eginez”.
Datuak ere eman ditu: azken urtean, 3.293 pertsona artatu dira eta besteak beste, Elkar Ekin Lanean estrategiaren baitan, datozen hiru urteetan 3.500 lanpostu berri sortuko dira.
EH Bilduren ustez diru gehiegi da
Bestalde, proiektu hori dela-eta, EHBilduk gogora ekarri du koalizioaren ustez gehiegizkoa dela "lokal horretan planteatzen den 450.000eurotako gastua, ikusita erabilgarri 100m2 aterako direla. Horri gehitu beharko genioke gainera urtean zehar lokal horrek garbiketa eta mantenuan sorraraziko dituen gastu berriak. Lokal horrekin asetu nahi diren beharrekin ados egonagatik (EHBilduk proposatutakoak dira batzuk gainera) modu ekonomikoagoan bideratzeko aukerak ez dira nahiko aztertu."