22. Korrika 'Hitzekin'

Korrika Batzordea eratu da eta ekin dio egitaraua osatzeari

Egoitz Unamuno 2022ko ots. 17a, 11:48

Bileran parte hartu zuten ordezkariak.

Soraluzeko AEK-k egindako deialdiari erantzunez, martitzen arratsaldean herriko taldeetako hamalau ordezkari batu ziren euskaltegian, Korrika Batzordea eratu eta herrian euskararen aldeko lasterketari lagunduko dioten ekimenak bideratzen hasteko. Hurrengo bilera martxoaren 9an egingo dute.

Batzordearen lehen bileran, Korrika kulturalaren egitaraua osatzeko dauden proposamenak zerrendatu zituzten: film laburren emanaldia, mendi irteera, bertso afaria, musika kontzertua, kantu jira, Korrika txikia, euskara ikasleekin batera egingo litzatekeen ekitaldia... Garrantzi berezia eman zitzaion apirilaren 1ean, Korrika herritik pasatuko den egunean, herria girotzeari. 

Sei kilometro

Kultur ekimenez gain, Soraluzen Korrikak egingo dituen 6 kilometroen salmentaz ere berba egin zuten. AEKko arduradunek jakinarazi zutenez, kilometro bakoitzak 450 euro balioa izango du eta ohikoa den moduan, herriko Kilometroak herriko talde eta entitateen artean erosiko dira, bakoitzak ahal duen neurriko diru ekarpena eginez. Ondoren, talde bakoitzak izendatzen duen ordezkariak eroango du Korrikaren testigua herrian, bakoitzari izendatuko zaion zatian. 

Hurrengo bilera

Batzordea, martxoaren 9an, arratsaldeko 19:00etan batuko da berriz euskaltegian eta orduan zehaztuko dituzte behin betiko kultur egitaraua, kilometroen salmenta eta testigua eroango duten ordezkarien zerrenda. Bitartean, herriko taldeek AEK-ko Iñaki Korta irakasleari bideratu ahalko dizkiete proposamenak soraluze@aek.eus emailean edo 943751434 telefonoan.  

Hamalau ordezkari 

Martitzeneko bileran ondorengo hamalau herritarrak batu ziren, herriko hainbat talde eta erakunderen izenean: Xabier Tardio (Mendi taldea), Arrate Gisasola (Marras Irristaketa Taldea), Monika Muro (Sororak Talde Feminista), Unai Larreategi (EH Bildu), Amaia Argarate (Urrats Dantza Taldea), Jokin Andres (Atxolin Guraso Elkartea), Mikel Leunda (Udaleko Hizkuntza Politika Batzordea), Iker Aldazabal (EAJ), Alberto Goenaga (Soraluze Futbol Taldea), Lina Olaizola (Itxaropena jubilatuen elkartea), Veronica Galarraga (Ezoziko Ama Abesbatza), Egoitz Unamuno (Pil-pilean), Onintza Narbaiza eta Regina Maiztegi (Arrano Elkartea).