Karakaten parke eolikoak ipintzeko aukera Eusko Jaurlaritzaren Lurraldearen Arloko Planean (PTS) jasota dago eta aukera hori baliatuta jakinarazi du Capital Energy enpresak Soraluzen bi dorre eoliko ipintzeko asmoa.
Karakateko antena baino bi bider altuago
Herenegun udal ordezkariei aurkeztutako egitasmoaren arabera, dorre elektriko bakoitzak 100 metro altu den zutoina eta 80 metroko luze diren hegalak izango ditu. Karakateko antenarekin konparatuta (70 metro altu da), mendi gainean ezarri asmo dituzten dorre eolikoek antenaren altura bikoitza baino handiagoa dute.
Kokagunea ere zehaztuta dago, antena baino apur bat aurreragotik Gizaburuagako tartean ipini nahi dituzte bi dorre eolikoak. Izan ere, Gizaburuagatik Irukurutzetarainoko tartea babestuta dago, bertan dauden elementu megalitikoengatik.
Udaletik esplikatutakoaren arabera, proiektuaren tramitazioa hasiko da berau Gipuzkoako zein Euskadiko Buletin ofizialetan argitaratu eta berehala, astebete edo bi aste barru.
Hori argitaratu ondoren, 20 eguneko epea zabalduko litzateke proiektua aurkezteko. Gero, Eusko Jaurlaritzak lehiaketa deitu beharko du, eolikoak ipintzeko interesa izan dezaketen bestelako enpresei ere aukera hori zabaltzeko. Eta horren ondoren, sei hilabete izango dira exekuzio proiektua aurkezteko eta halaber, Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Inpaktua idatzi beharko luke.
1998an gerararazi egin zen proiektua
1998an ere izan zen Karakaten parke eolikoa ipintzeko egitasmoa. Orduko hartan, Irukurutzetan parke eolikoa egiteko asmoa mahai gaineratu zen, mendigainean 25 haize errota ipiniz.
Proiektu horren kontra herritar asko mobilizatu ziren eta Mendigainak ikutu bez! taldea sortu zen. 2001ean, proiektuaren kontrako sinadura bilketa egin zuen taldeak eta 2002ko otsailean Karakaten eolikoak jartzeko proiektua baztertu egin zuen Jaurlaritzak.
Azkoitia, Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko talde ekologistek eta Udalek parke eolikoaren proiektuaren aurrean azaldutako kontrako jarrerak eta honen instalazioa ez egiteko aurkeztutako arrazoiek bultzatu zuten Jaurlaritza erabaki hori hartzera. Proiektua atzera botatzeko arrazoirik nagusiena, berriz, aztarna megalitikoak izatearena izan zen.
Gaur egun, Tapia legea dela-eta, proiektuari ezin dio zuzenean kontra egin Soraluzeko Udalak eta legez, alegazioak aurkeztea da Udalak proiektuaren kontra egiteko duen aukera bakarra.