Abiatu da Hurbiltzen familia programa

Egoitz Unamuno 2022ko ots. 13a, 08:32

Hurbiltzeneko gurasoak eta umeak egueneko saioan.

Jamila, Ane, Bassma, Arija, Anje, Loubna, Arrate, Ali, Ritaj, Aiur, Merime, Libe, Anass, Axlor, Karima, Arwa, Iba eta Egoitz elkartu ziren eguenean Hurbiltzen familia programaren ikasturteko lehen saioan. Ekainera bitartean, jatorri ezberdinetako bederatzi familia batuko dira hamabostean behin, Gaztetxean. Saioak irekiak izango dira eta edozein familiak parte har dezake. 

Soraluzen, 2020. urtetik dago martxan Hurbiltzen programa, Pil-pilean Euskaltzaleen Elkartearen ekimenez eta Udalak lagunduta. Bertan, jatorri desberdinetako familiak eta familia euskaldunak batzen dira, elkarren hizkuntzak eta kulturak ezagutu eta harremanak egiteko, modu horretan, euskararengandik urrun dauden familiek aukera dute euskara eta euskal kulturara gerturatzeko. Metodologia sinplea da: ordubete pasatxo irauten duten saioetan, umeek eta gurasoek eskulanak edota hizkuntza jokoak egiten dituzte elkarrekin, eta horrela, elkarrekin jolastuz eta solaztuz, elkarren hizkuntzen eta kulturen berri ezagutzen dute.  

Aurtengo ikasturtean, herriko bederatzi familiak eman dute izena Hurbiltzen programan eta otsailean hasi eta ekainera bitartean, hamabostean behin batuko dira, eguen arratsaldetan, 17:00etatik 18:00etara bitartean, Gaztetxean. Saioak irekiak izango dira eta parte hartzeko izena ematea ez da derrigorra izango.

"Oso giro atsegina" 

Joan zen eguenean egin zuten Hurbiltzeneko familiek ikasturteko lehenengo saioa eta Arrate Espilla dinamizatzaileak azpimarratu duenez, "oso giro atsegina" izan zuten. "Loneta goxo bat ipini genuen lurrean, berogailuak piztu eta umeendako ekarri genituen eskulanak eginez giro atsegina sortu zen. Elkarren izenak ikasi genituen, arabierazko eta euskarazko hainbat berba zerrendatu ere bai, elkarren bizitzez berba egin... Saio ederra izan zen eta herriko familiak gonbidatu nahi ditut datozen hilabeetan egin ditugun saioetan parte har dezaten". Hurrengo saioa otsailaren 24an egingo dute.