Astelehenean Elgoibarren hasi eta Aste Santura bitartean, eskualdeko herri guztietako elikagai sektoreko saltokiak bisitatuko dituzte Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateko teknikariek.
Gaur goizeko prentsaurrekoan Iosu Arraiz Mankomunitateko presidenteak esplikatu duenez, iazko urrian azalera handiko saltokietan egin zuten lanketa bera egingo dute orain saltoki txikietan, haiek gaikako bilketarekiko duten konpromisoa neurtzeko, hobetu daitezkeen ohiturak identifikatu eta irtenbideak bilatzeko. Halaber, erraztasunak emango dizkiete hondakinak modu egokian birzikla ditzaten.
214 saltoki
Arraizek esplikatu duenez, eskualdean saltoki txiki ugari dagoenez, elikagai sektoreko saltoki txikietatik hasiko da Mankomunitatea lanketa egiten, horiek direlako hondakin kopuru handiena sortzen dutenak. Guztira, 214 saltoki txiki identifikatu dituzte, harategiak, arrandegiak, okindegiak, fruta-dendak…
Kanpaina bukatzean, hondakinak modu egokian birziklatzen dituzten saltokiei Hemen ondo birziklatzen dugu ikurra emango die, ingurumenarekiko duten errespetua berresten duen ziurtagiri modura. Horrez aparte, ikurra jaso dutenen zerrenda Mankomunitatearen webgunean argitaratuko dute, aitortza publiko modura.
Saltoki txikiekin zuzeneko harremana
Bisiten helburu nagusia gaikako bilketa ohituretan sakontzea izan arren, ekimenaren helburua ere bada aurrez aurre joatea saltokietara, haiengana gerturatzeko eta haiekin komunikazio bide zuzenak zabaltzeko.
Iazko urrian azalera handiko saltokietan egindako lanketari dagokionez, berriz, jakinarazi dute lanketa egin zuten 37 saltokietatik 34k lortu dutela Hemen ondo birziklatzen dugu ikurra. Azaldu dute bio-hondakinen birziklatzea indartu beharra zegoela baina osterantzean, balorazio positiboa egin dute. Arraizek esan duenez, azalera handiko saltokiek sistema barruan dute txertatuta hondakinak gaika biltzea.