Oreka Art Gallery

Xabier Egañaren ‘Begiz begi’ erakusketa ikusgai dago Oreka Art galerian

Egoitz Unamuno 2022ko ots. 11a, 08:00

Urtarrilaren 28an inauguratu zuten Xabier Egañaren Begiz begi erakusketa Oreka Art Galerian eta margolanak ikusgai daude otsailaren 25era arte.

Xabier Egaña (Areeta, 1943) frantziskotarra da eta aspaldi egin zen ezagun artista moduan, besteak beste, 1978an Arantzazuko basilika berritzeko lanetan Oteizarekin batera lan egin eta gero, berak basilikako ganbaratxoan murala margotu zuen eta. Xabier Egañak erakusketaren inaugurazioan azaldu zuenez, hogeitabost urte baino gehiagoan urtero etorri zen Soraluzera, Arantzazuko Santutegian kide zuen Bitoriano Gandiagarekin batera, hari San Andresen edo Pago Bedeinkatun meza emateko deitzen ziotenean.    

Lagin txiki bat

Juan Ayesta Xabier Egañaren komisarioaren esanetan, erakusketa Egañaren obra zabalaren lagin txiki bat da, bere obra ezagutzeko baliagarri izan daitekeena:  “Egañak askatasun handiz egiten du lan eta bere estiloa ez da oso ortodoxoa. Zeramika, muralgintza, bidrioa… landu izan ditu eta tartean baditu artelan handiak ere, baina Soraluzera erakusketarako galeriaren eta herriaren neurrira egokitutako zenbait margolan ekarri ditugu. Bertan, Egañaren ibilbidean nagusi diren gaiak agertzen dira: pertsona, pertsonaren sufrimendua, injustizia… Horiek baitira, egilea gehien motibatzen duten gaiak, gizakiari dagozkionak”.

Margolanak  

Erabilitako materialari eta teknikari dagokionez, erakusketako artelanak hiru multzotan bereiz daitezke: batetik, oihal gaineko zazpi olio-pintura daude, estilo espresionista eta koloretsuan eginak, gaitzat pertsona eta giza-emozioak dituztenak; bestetik, badira paperaren gainean marraztutako beste hamairu artelan ere, Alemaniako emakumeen kartzela batean inspiratutako serie baten parte direnak, bakardadea lantzen dutenak (hauek kalera ematen duen eskaparatean kokatu dituzte); eta azkenik, badira egur polikromatuarekin eratutako beste hiru lan, estilo abstraktoagoan eginak, Donostia hiriaren zenbait erreferentzia jasotzen dituztenak.

Erakusketa otsailaren 25era arte dago zabalik, astelehenetik barikura, 19:00etatik 20:00etara bitartean.