Zilarrezko Bikain Ziurtagiria

Udalak badaki euskaraz

Egoitz Unamuno 2022ko ots. 9a, 14:48

Udaletxeko langileak eta alkatea Bikain ziurtagiria eskutan.

Duela hiru hamarkada abiatu zuten euskararen normalizazio prozesua herri administrazioek, eta ordutik, egoera "asko" aldatu da Soraluzeko Udalean ere, "hobera", Mikel Leunda euskara teknikariaren esanetan. "1990ean lehen plangintzaldia martxan jarri zenetik euskararen presentzia eta erabilera nabarmen areagotu dira Udalean eta emaitzak agerikoak dira. Herritarrak berak aukeratutako hizkuntzan jardun lekaze Soraluzeko Udalarekin, ahoz nahiz idatziz, eta udal barruko harremanetan ere euskara lan-hizkuntza da geroz eta gehiago". Hala baieztatu du Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriaren ebaluazio prozesuak ere eta Soraluzeko Udalari zilarrezko maila eman dio.   

Gaur egun, Udalak komunikazioa zein hizkuntzatan jaso nahi duen galdetzen dio herritarrari, dela lehen hitza euskaraz eginez edota dokumentuan bertan harremana zein hizkuntzatan bideratu nahi duen galdetuz. Herritar euskalduna, “ahoz, oro har, euskaraz zuzentzen zaio Udalari”, Leundak adierazi duenez. Idatzizkoan, “eskaera sinpleak eta korreo elektronikoak” dira euskaraz gehien idazten direnak baina “adinak zerikusi handia du eta ikasketak euskaraz egin ez dituen euskaldunak nahiago izaten du idatziak elebitan jasotzea”. Bestalde, Leundak nabarmendu duenez, “Udalak herriko elkarte gehienekin euskara hutsez jarduten du”.

Euskara hutsezko praktikak 

Hain zuzen, etorkizunera begira, euskara hutsezko jarduna indartzea da Udalean erabilera indartzeko gako nagusietako bat: "Ohitura handia dago oraindik gauza asko elebietan egiteko. Hori aldatzen hasi beharrean gaude eta hasi gara. Alde horretatik, dagoeneko badira euskaraz bakarrik egiten diren lan-jardunak, herritarrek harremanerako hizkuntza hori aukeratu duten kasuetan. Hainbat administrazio-atalek gainera ia euskara hutsean dihardute egunerokoan. Azkena hartutako erabakia, esate baterako, Tokiko Gobernu Batzarreko bilerak eta aktak euskara hutsean egitea izan da. Helburua da euskaraz egin daitekeena euskara hutsean egitea eta kanpoko entitate pribatuekin ditugun gaztelerazko harreman batzuk aldatzea ”.

Langileen eta zinegotzien ezagutza gako 

Langileen eta zinegotzien ezagutza da faktore garrantzitsuenetakoa. Langileen ezagutzari dagokionez, 1997tik, kontratazio berri guztiek egiaztatu behar dute bere lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna eta, ondorioz, azken urteotan, langileen ezagutza maila nabarmen hobetu da. Hala, gaur egun, Udalaren 27 langiletatik 25ek egiaztatua dute euren lanpostuari dagokion eskakizuna (nahiz langileren batek trebakuntza behar) eta 2 langile bakarrik dira egiaztapen hori ez dutenak. 

Ordezkari politikoen ezagutzari dagokionez ere, azken urteotako bilakaera positiboa izan da eta gaur egun 11 zinegotzietatik bakarra da euskaraz oinarrizko elkarrizketak ulertzeko gaitasunik ez duena. Leundaren esanetan, "zinegotzi guztiek ulermen maila izateak asko erraztuko luke erabilera planaren garapena". 

Zilarrezkoa lortuta, urrea helburu

Udalak abenduan jaso zuen Eusko Jaurlaritzaren zilarrezko Bikain Kalitate Ziurtagiria, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik Gasteizko Europa Jauregian egin zen ekitaldian. Bikain ziurtagiriak erakunde publikoen nahiz pribatuen hizkuntza maila neurtzen du eta Soraluzeko Udalak 700-750 puntu eskuratu ditu eta urrezkoa eskuratzeko 50 puntura gelditu da (800 puntu behar dira urrezkoa eskuratzeko eta gehienez 1.000 puntu eskura litezke). 

Talde ebaluatzaileak nabarmendu du azken urteotan Udala euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko egiten ari den lana. “Denbora gutxian garapen handia izan du. Entitateak, alkatearen lidergo eta jarrera sendoa dauka eta erabakiak hartzeko organoetan kide egokiak eta motibatuak daude”, dio ebaluzio txostenak. Hobetzekoen atalean, Udalari gomendatu diote hainbat prozesu gehiago sistematizatzeko, langileen hizkuntza prestakuntza orokorraz hausnartzeko eta kanpoko entitate publiko eta pribatuekin jarrera proaktiboz jokatzeko.  

Leundaren esanetan, "Ziurtagiriaren prozesua oso baliagarria izan da egindako lanaren emaitzak zein izan diren ikusteko eta hobetu beharrekoak zein diren jakiteko". Etorkizunera begira, urrezko ziurtagiria eskuratzea izango da helburu.