Partida nahasia

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 7a, 09:12

Marras taldekoak Iraitz Ibarzabal entrenatzailearen azalpenak entzuten.

Zapatu arratsaldean, Marras Irristaketa taldeko infantilek partida nahasia izan zuten. Lehenbiziko minutuan falta batek hiru jokalariekin utzi zuen taldea eta minutu bat geroago, Unai Ruiz jokalariak erorikoa izan eta partida utzi egin behar izan zuen. 3-7ko emaitzarekin bukatu zen norgehiagoka, nahiz eta soraluzetarrak emaitza iraultzen ahalegindu ziren.

Erorikoaren ondorioz, Unai Ruiz jokalaria Txagorritxuko ospitalean artatu behar izan zuten, belauna lekutik atera baitzuen. Iraitz Ibarzabal entrenatzaileak esandakoaren arabera, kolpea ez zen larria izan, baina orain, belauna indartu arte deskantsua beharko du jokalariak.

Burdinolaren kontrako partidari dagokionez, Ruizek izandako gertakari horren ondoren, kontrakoa zuten emaitza iraultzen ahalegindu ziren Marraseko jokalariak baina ez zuten lortu eta 3-7ko emaitzarekin bueltatu ziren etxera. “Ez zuten zortea alde izan baino ikasgai bat gehiagorekin bueltatu ziren etxera”, dio Ibarzabalek.