Merezitako garaipena

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 6a, 09:01

Atzo, zapatua, Sorak 2-0 irabazi zuen Aretxabaletaren kontrako partida. Ondo merezita poltsikoratu zuen garaipena. Partidako lehen gola 6. minutuan sartu zuten etxekoek eta hortik aurrera ondo eutsi zioten aldeko markagailuari, gol aukera gehiago ere sortuz. 81. minutuan etorri zen bigarren gola. Hortik minutu eskasera, berriz, 10 jokalarirekin geratu zen Sora. Hala ere, 2-0ko markagailuarekin bukatu zen norgehiagoka. 

 

Atzo, gogotsu zelairatu ziren Sorako gorengo mailako mutilak eta partidaren aurrenengo minutu bizkorretan etorri zen partidako lehen gola, Jonperen eskutik. 

Hurrengo minutuetan, UDAk handitu egin zuen presioa Soraren arean, baina ez zuen lortu soraluzetarrak zokoratzea. Etxekoek ondo jokatu zuten, atzea ondo defendatzen, pase luzeak egiten eta aurrekoek erasoari eusten. Halaxe, markagailua aldeko zutela iritsi ziren atsedenaldira.

Bigarren zatian aretxabaletarrak zelairatu ziren indartsuago-edo, kontra zuten markagailuari buelta eman guran. Baina Sora atzean geratu barik, UDAren erasoari eraso egiten erantzun zion eta bigarren zatiko lehen 15 minututan gola sartzeko puntuan izan zen birritan gutxienez.

Ordurako nabarikoa zen aretxabaletarren arteko tentsioa. Faltak ugaritu egin ziren, baita txartel horiak ere. Baina Sorak defendatzeaz bat, aurrean ere ahalegintzen segitzen zuen, azkenean, 81. minutuan Bienvenue Biok bigarren gola sartu zuen arte.

Hortik minutu eskasera Sora jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, Iker Urkirik bigarren txartel horia ikusi zuen-eta, askoren iritziz bidegabeki. Baina 10 jokalarirekin ere UDA baino gehiago izan zen Sora eta etxean geratu zen garaipena.