"Irabazteko gakoa izan zen nire izkinari entzutea eta lagunen animoak"

Ubane Madera Zangitu 2022ko ots. 2a, 10:37

Txapeldunaren gerrikoarekin bueltatu da Mouad Hina Ben-Sellam soraluzetarra Open Bizkaia K1 kickboxing txapelketatik. Gainera, bere pisuari zegokion mailan ez zen inor aurkeztu eta goragoko mailan, 60 kiloko mailan borrokatu behar izan zuen, beraz, meritu bikoitza dauka soraluzetarrak. Bestalde, Adur Odriozolak ere parte hartu zuen txapelketan, bi modalitatetan borrokatuz eta bi borrokak galdu egin bazituen ere, boxeoan egindako jardunarekin pozik bueltatu da hura ere. (Bideoa eta argazkiak: Mouad Hina).

Mouad, zorionak!

Eskerrik asko!

Borrokalari asko izan zineten?

"Nire pisuan (57 kilotik behera) ez zen inor aurkeztu eta nik baino lau kilo gehiago zituen baten kontra borrokatu behar izan nuen"

Gutxi egon ginen. Hiru bakarrik. Gainera, nire pisuan (57 kilotik behera) ez zen inor aurkeztu eta nik baino lau kilo gehiago zituen baten kontra borrokatu behar izan nuen. Egia esan, igartzen dira kolpeak gogorragoak direla norbera baino pisutsuagoa den batekin borrokatzean. 

Zelakoa izan zen txapelketa?

Hiru lagun aurkeztu ginenez, zozketa egin zen; zozketan oinarrituta, bat zuzenean finalera pasatzen zen eta beste biek elkarren artean borrokatu behar zuten, bigarren finalista erabakitzeko. Justu niri tokatu zitzaidan zuzenean finalera joatea. Beste bi borrokalariak izan ziren bat iazko txapelduna, Salamancakoa, eta bestea Barakaldokoa. Azkenak irabazi zuen.

Zelan joan zen finala?

"Une batez pentsatu nuen galdu egingo nuela, baina igo nintzen eta aurrera egin nuen"

Barakaldokoaren kontra. Ezkertiarra zen eta hori zailagoa da ze ez dira borrokalari ezkertiar asko egoten. Ring-ean borrokatu genuen, kickboxing-ean. 2x2 izan zen ( bi bi minutuko sesioak). Oso ona zen bera. Egia esan, ezkertiarra zela-eta igo nintzen apur bat beldurtuta. Pentsa, ez nuen entzuten ezta entrenatzaileak zioena ere. Une batez pentsatu nuen galdu egingo nuela. Baina igo nintzen eta aurrera egin nuen.

Zein izan zen irabazteko gakoa?

Gakoa izan zen nire izkinari entzutea (nire bi entrenatzaileei, Jorge Hurtadori eta Haritz Marini) eta lagunen animoak. Soraluzeko eta Eibarko 17 bat lagun joan ziren. 

Horrez aparte, ring-ean, berez, KO lortzera joatea izaten da estrategia nagusia. Baina hori oso zaila da, are gehiago kontrarioa pisutsuagoa bada. Nik puntuengatik irabazi nuen. Ringera igo ere, estrategia horrekin igo nintzen, puntuatzera, eta, kontrarioa jausten bazen, ba jausten zen baina nire helburua ez zen KO egitea. 

Lehenengo asaltuan, ondo ikusi nuen nire burua, izkinatik ez zizkidaten horrenbeste akats ateratzen eta orduan pentsatu nuen ondo egiten ari nintzela. Askatasuna eman zidaten nire estrategiarekin segitzeko. Eta horrela segitu nuen.

Zelan ikusi duzu borroka?

Ondo. Oso pozik nago. Orain ez dut gogoan borrokan baina bideoak ikusita harritu egiten naiz nire buruarekin. Adrenalinarekin gauzak ahaztu egiten zaizkizu. 

Ringeaz aparte, tatamian ere jardun zenuen, ezta?

Bai. Ring-aren aurretik boxeoan lehiatu nintzen tatamian. Hor ere 60 kiloko mailan. Baina esperientzia txarra izan nuen. Nire ustez ez zen garbia izan, orduan ez nintzen gustura gelditu. 

Non duzu txapeldunaren gerrikoa?

Etxean dauka, paretean zintzilik. 

Hurrengo hitzorduren bat buruan?

Euskadiko txapelketa. Martxoan izango da. Bizkaikoak esperientzia, segurtasuna eta motibazioa eman dizkit. Bestalde, otsailaren 26an gonbidatu gaituzte Laredora. Baina ikasketekin-eta ez naiz ailegatzen. 

Adur Odriozola:

Kaixo, Adur. Zure kasuan zelan joan zen?

Bi borrokak galdu nituen. 

Bi modalitatetan borrokatu zinen, ezta?

"Boxeoan hobeto ibili nintzen; kickboxingean, berriz, ez nintzen ondo ibili"

Bai, boxeoan borrokatu nintzen ringean eta kickboxingean, berriz, tatamian. Boxeoan hobeto ibili nintzen. Denbora gehiago daramat boxeoan eta aukera gehiago izan nituen. Kickboxingean ez nintzen ondo ibili.

Zelan baloratzen duzu esperientzia?

Ondo egon zen. Nire akatsak-eta ikusteko ondo egon zen. Orain, ez dakit argi hurrengo borroketan parte hartuko dudan, Euskadikoan, adibidez. Baina entrenatzen jarraituko dut eta aurrerago borroka gehiago baletozke baietz esango nieke. 

Boxeoan hobeto ibili arren, kickboxingari eutsiko diozu?

Bai. Kikcboxing-ean denbora gutxiago noa beraz, normala boxeoan hobeto ibiltzea. Kikcboxingean segituko dut, beste gauza batzuk probatu nahi ditudalako eta kickboxinga ere praktikatu nahi dut; ez dut nahi modalitate bakarra egin.