Debabarrena berroneratzeko ponentzian hartu du parte Debegesak Legebiltzarrean

Erredakzioa 2022ko urt. 28a, 11:00

Juan Angel Balbas Debegesako zuzendaria Eusko Legebiltzarrean.

Debabarrena eskualdea suspertzeko Eusko Legebiltzarrean egunotan garatzen ari den ponentzian hartu zuen parte Juan Angel Balbás Debegesako zuzendari nagusiak eguaztenean. Bere hitzaldian, besteak beste, Debabarreneko lurralde-desorekaren arrazoiak eta eskualdearen ezaugarri sozioekonomikoak azaldu zituen.

Horrekin batera, ikuspegi sozioekonomikotik begiratuta eskualdeak dauzkan beharrak nabarmendu zituen Debegesako zuzendari nagusi Balbasek.

Eskualdearen egoera azaltzeaz gain, Debabarreneko egoerari buelta emateko garapen agentziak beharrezkotzat jotzen dituen neurriak azaldu zituen zuzendariak: “Neurri horiek eskualdeko zortzi udalek eta Garapen Agentziako zuzendaritzak osatzen dugun Debegesako Administrazio Kontseiluan landu dira eta horietako batzuk dagoeneko aipatu dira orain arte beste administrazio batzuetan egindako agerraldietan”.