50 bat lagunek babestu zuten atzoko elkarretaratzea. Ohi denez, Txaro Lete mugimenduko kideak hitza hartu eta atzokoan, bi salaketa mahai gaineratu zituen, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduek adostutakoak.
Batetik, domekan osasun arreta publikoaren alde egindako manifestazioak aipagai, salatu zuten “oso tamalgarria” dela “Osakidetzak, Osasunbideak eta Gasteizko eta Iruñeko gobernuek pandemiari aurre egiteko baliabide eta lantalderik” ez izatea.
"Utzikeria"
Agintarien “ezgaitasuna eta utzikeria” salatu zituzten eta baita ere, maskarak, antigenoen testak zein PCR probak norbere “poltsikoetatik” ordaindu behar izana, aurrez aurre arreta jasotzeko dauden “zailtasunak” eta besteak beste, “osasun-zentroak zein Etengabeko Arreta Guneak aldi baterako itxi izana”.
Eros-ahalmen txikiagoa
Pentsioekin lotuta, berriz, salatu zuten pentsioak %3-%4 inguru jaitsi direla bizitza kostuaren igoerarekin alderatuta, pentsioen erreformak ez duela bermatzen pentsio publiko duinik eta bizitzeko beharrezkorik, oraingo langileek erretiroa beranduago hartzeaz gainera, pentsio txikiagoa ikusiko dutela eta oro har, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ez duela egoera hori onartuko.