Emaitza pozgarriekin bueltatu dira Gasteiztik

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 24a, 11:43

Marraseko jokalariak partida baino lehen.

Atzo, domeka, jokoan zituzten bi partidetako bat galdu eta bestea irabazi egin zuten Marras Irristaketa Taldeko ekipoek, Gasteizen. Emaitza horiekin gustura asko bueltatu dira etxera. Izan ere, galdu zuten partida, liderraren kontrakoa, ondo borrokatuta jokatu zuten, "harro egoteko" moduan. Bigarren partida 1-5 irabazteari esker, berriz, sailkapeneko laugarren postuan kokatu dira soraluzetarrak.

Iraitz Ibarzabalek, Marras taldeko arduradunak eta entreantzaileak kontatu duenez, Soraluzeko Marras Irristaketa Taldeko alebin mailako taldeak "gustura egoteko moduko emaitzak" atera ditu Gazteizen, igandeko partidetan. 

Irakurketa oso positiboa

Lehenbizikoz, Sumendi taldearen aurka porrota izan zuen, baina "harro egoteko" moduko partida jokatu zuen. 6-1eko emaitzarekin bukatu zuten, baina kontuan izanda Sumendi taldea lehenbiziko postuan doala, ez duela partida bat bera ere galdu, eta, batez beste, eta 9-10 gol sartzen dituztela partidako, irakurketa oso positiboa egin dute Marraseko entrenatzaile diren Iraitzek eta Julianek.  

Laugarren postuan

Bestalde bigarren partidari dagokionez, irabaztea lortu dute Muskerrak taldearen aurka, 1-5eko emaitza eginda. Horri esker, sailkapenean aurrerapauso nabarmena egin eta sailkapeneko 4. postuan daude beste bi talderekin puntutan berdinduta. Kasu horretan, golaberagea kontra dute soraluzetarrek baina partida bat gutxiago ere bai, beraz, pozik etorri da taldea egindako lanarekin.

Orain, ilusioz entrenatzen jarraituko dute hurrengo otsailean jolastuko den partidara arte.