Partiduaren lehen zati osoan zehar, Sorako hamaikakoa alde handiz gailendu zitzaion Mondrari. Zazpigarren minuturako aurreratu zen etxeko taldea markagailuan, Benvenue Biokao Biok baloia sareetara errematatu zuenean. Ondorengo minutuetan, Sorak gol aukera dezente sortu zituen eta nabarmentzekoak izan ziren Beñat Goenagak eskuineko bandatik bideratu zituen zenbait jokaldi.
Bigarren zatia bide beretik abitu zen. Laugarren minutuan, Mikel Leturiondo Letuk bigarren gola sartu zuen eta bazirudien momentu horretatik aurrera plazentziatarrek erraz bideratuko zutela norgehiagoka. Ostera, ez zen hala gertatu. Bederatzigarren minutuan, epaileak Mondraren aldeko penaltia pitatu zuen eta Mondrako jokalariak baloia alboko zutoinera botata huts egin bazuen ere, arrasatearrak indartu egin ziren eta hogeita hamalaugarren minutuan iritsi zen Mondraren gola, Lander Labakaren eskutik. Markagailuan aldea murriztearekin batera, zelaian ere asko parekatu zen jokoa, eta ondorioz, partiduko azkenengo minutuetan, Sorak gogotik lan egin behar izan zuen garaipenari eusteko. Azkenean, partiduko hiru puntuak etxean gelditu ziren. .