Osasun zerbitzu publikoaren alde mobilizatzeko deiak

Ubane Madera Zangitu 2022ko urt. 22a, 17:01

Bihar eguerdian, domeka, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, osasun zerbitzu publikoaren aldeko manifestazioak izango dira EAEko hiriburuetan. Gipuzkoako, Debabarreneko eta Soraluzeko pentsiodunen mugimenduek ere egin dute bertaratzeko deia, Murrizketarik ez! lelopean. Iragarri dute pentsiodunek euren pankarta ere izango dutela mobilizazioan.

Osasun arloko profesionalek bizi duten egoera salatuko da biharko agerraldietan. Sindikatuek azpimarratu dutenez, "osasun zentroen kolapsoa agerikoa da, baita langileen nekea eta gainkarga ere, eta ospitaletan ere egoera larria da".

Baliabide gehiagoren eske

Uste dute "premiazkoa" dela Osakidetzaren aurrekontua handitzea EBko batez bestekora iritsi arte (BPGaren %7a), horren %25a lehen arretara bideratuz; plantillak berehala indartzea eta giza baliabide nahikoz hornitzea kategoria guztietan, plaza berriak sortuz (5.000 plaza gehiago sortu behar dira, horietako 1.000 lehen arretan; aldi baterako milaka langileak kontsolidatzea eta aldi baterako kontratazioarekin amaitzea; lan kargak arintzea; ordezkapenak lehenbiziko egunetik egitea; azken batean, osasun publikoa eta, bereziki, lehen arreta lehenestera eta indartzera bideratutako estrategia bat behar da, hamarkada bat baino gehiago daramatzan desegite programatuari aurre egiteko".

Era berean, uste dute "Osakidetzak erakutsitako inmobilismoaren eta borondate ezaren aurrean, mobilizazioa inoiz baino beharrezkoagoa" dela.